Jakin nahi nuke zuzena ote den Ahal da komunera joan? horrela galdetzea.
Oso bitxia da perpaus hori. Beste aditz modal batzuek bezala, ahalek ere kokagune finko samarra du, lagun duen aditzaren ondoren, hain zuzen: joan ahal, etorri ahal eta abar. Behar izanen kasuan ere, askoz egokiagoa da Etorri behar duzu? galdetzea Behar duzu etorri? baino.
Beraz, hobestekoak beste egitura hauek genituzke:
Komunera joan ahal da?
Komunera joan daiteke?
Bestalde, nahi izanen kasuan onargarria da aurrera ekartzea ("Nahi duzu komunera joan?"), nahiz aditzaren ostean uztea (Komunera joan nahi duzu?).
Horrez gainera, ikus hauek ere: "Aditzaren jokabidea: ahal izan (ez ahal da etorriko! / ez da etortzen ahalko) " (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: ahal izan, ezin izan" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: ahal izan, ezin izan (joan ahal nintzen / joan nintekeen, ezin joan naiz / ezin naiteke joan)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: ahal izan (ahal izan/izaten/izango, ahalko)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: ahal (ahal naiz, ahalko naiz, ahal izan nintzen)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, joskera > hitz-ordena
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.