Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak xuri forma okertzat jotzen du, eta 'e. zuri' dio; baina Euskaltzaindiaren Hiztegiak xuri forma zuzentzat dakar, eta adierazkorra dela dio [EH:xuri]. Bi hiztegiak arauemaileak izanik, zeini egin behar diogu kasu?
Euskaltzaindiaren Hiztegia da, lexikoari dagokionez, erreferentzia nagusia, eta berari egin behar zaio kasu. Hiztegi Batua, berriz, Euskaltzaindiaren Hiztegia egin baino lehenagoko lan bat da, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak ordeztu du.
Hiztegiak dio xuri forma egokia dela adierazkor gisa, hau da, adierazkortasuna duten testuinguruetarako hitza dela. Gainerakoan, zuri da hitz estandarra (adibidez, arma zuria, burdinurtu zuria edo globulu zuria dira termino zuzenak, eta ez arma xuria, burdinurtu xuria edo globulu xuria). Antzera gertatzen da xuxen, xorta, xorrotx, xoko, xiri, xentimo eta beste hainbat hitzekin.
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: lexikoa > orokorra
Unitate-mota: hitzak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.