Zer ezberdintasun dago hitz elkartu bidez osaturiko formaren eta <izlag. + iz.> egiturarekin eraturikoaren artean? Adibidez, hauen artean:
egile-eskubideak / egilearen eskubideak
jangela-araudia / jangelako araudia
Nola txertatzen ditugun bikote horiek esaldian, izan litezke parekoak edo izan litezke esanahi desberdinekoak. Parekoak dira balio generikoan ari garenean; desberdinak, esapideari balio konkretua edo partikularra eman nahi diogunean.
Txertatzen ditugun esaldiaren arabera, balio generikoa izaten dute batzuetan bere osotasunean, eta, orduan, jakina, parekoak dira: Egile-eskubideak beti hartu behar dira kontuan / Egilearen eskubideak beti hartu behar dira kontuan. Beti errespetatu behar da jangela-araudia / Beti errespetatu behar da jangelako araudia.
Balio konkretu edo partikularra eman nahi zaionean sortzen da zalantza. Halakoetan:
- Hitz-elkarteak ez du tokirik, mugatzaileak (elkarketako lehen izenak) ezin baitu inoiz balio partikularrik hartu; beti da generikoa. Horren arabera, Ez dituzte nire egile-eskubideak errespetatu esan dezakegu, elkarketako lehen hitzak balio generikoa duelako; baina desegokia da *Iruñeko egile-eskubideak esatea egile jakin bati buruz ari bagara (Iruñeko egilearen eskubideak esan beharko genuke).
- Lehen izenari balio konkretu edo partikularra eman nahi diogunean, beraz, kasu-marka edo atzizkia (-(e)ko/-(r)en) sartu beharra dago: 2021-22 ikasturtearen hasierako esleipena / *2021-22 ikasturte-hasierako esleipena. Iruñeko egilearen eskubideak errespetatu behar dira. / *Iruñeko egile-eskubideak errespetatu behar dira.
Gorabehera berdina daukagu galderako bigarren adibide-bikotearekin:
- Izan litezke parekoak, balio generikoan: Jangela-araudiak dio… / Jangelako araudiak dio…
- Hitz-elkartea denean beti balio generikoa du: Eskoletako jangela-araudi guztiek ezaugarri berdintsuak dituzte.
Jangela hitzari balio konkretua eman nahi diogunean, kasu-marka edo atzizkia (-(e)ko/-(r)en) jarri beharra dago: Gure jangelako araudiak dio…
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > kasu-markak, lexikoa > hitz elkartuak, lexikoa > hitz elkartuak
Unitate-mota: hitzak > izenak, hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.