Aditz-izena eskatzen al dute besterik ez / baino ez daramatenek? Ondorengo hauetatik zein dira zuzenak?
1. Zure lana hori egin baino/besterik ez da.
2. Zure lana hori egitea baino/besterik ez da.
3. Zure egitekoa ez da hara joatea, baizik eta hemen geratu.
4. Zure egitekoa ez da hara joatea, baizik eta hemen geratzea.
5. Zure egitekoa ez da hara joatea, hemen geratu baino/baizik.
6. Zure egitekoa ez da hara joatea, hemen geratzea baino/baizik.
Lehen perpausa okerra da. Izan ere, zure lana predikatua bada (edo subjektua), predikatu horrekin lotutako aditza -t(z)ea formakoa izan ohi da: zure lana hori egitea da / *zure lana hori egin da: zure lana da hori egitea / *zure lana da hori egin.
Horren arabera:
1. *Zure lana hori egin baino/besterik ez da. (OKERRA)
2. Zure lana hori egitea baino/besterik ez da. (ZUZENA)
3. Zure egitekoa ez da hara joatea, *baizik eta hemen geratu. (LEHEN ZATIA ZUZENA DA ETA BIGARREN ZATIA OKERRA)
4. Zure egitekoa ez da hara joatea, baizik eta hemen geratzea. (ZUZENA)
5. Zure egitekoa ez da hara joatea, *hemen geratu baino/baizik. (LEHEN ZATIA ZUZENA DA ETA BIGARREN ZATIA OKERRA)
6. Zure egitekoa ez da hara joatea, hemen geratzea baino/baizik. (ZUZENA)
Horrez gainera, ikus hau ere: "Kuantifikazioa adieraztea: besterik ez / baino ez (irakurri/irakurtzea besterik ez duzu)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: lexikoa > orokorra, sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak > aditz-izena, hitzak-aditzak > partizipioa, hitzak > adberbioak, hitzak > juntagailuak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.