Jende hitza beti singularrean deklinatu behar da ala onartzen da pluralean ere? Eta joan al daiteke zenbait eta batzuk hitzekin edota zein eta edozein hitzekin? Adibidez, jende batzuk, zenbait jende, edozein jende eta abarrekin?
Ohituraren arabera, Hegoaldean normalean ez da erabiltzen jende hitza pluralean, baina Iparraldean eta Baztanen bai, ‘pertsona’ edo ‘lagun’ adierarekin, Euskaltzaindiaren Hiztegian ikus daitekeen bezala [EH:jende].
Bestetik, tradizioari begira (hala erakusten du Orotariko Euskal Hiztegiaren corpuseko datu-baseak), esan behar da jende batzuk, zenbait jende, edozein jende eta gisakoak ez direla forma oso erabiliak izan; horrelakoetan, jende hitza isilpean uztea izan da joera nagusia. Baina molde gramatikalak dira guztiz. Euskaltzaindiaren Hiztegiko aipatu sarrerako adibideak dira, esaterako, hauek: zenbait jenderi eta hainbeste jende.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > zenbatzaileak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, lexikoa > orokorra
Unitate-mota: hitzak > determinatzaileak, hitzak > izenak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.