Zuzena al da Sar al naiteke? galdetzea, ala Sartu al naiteke? galdetu behar da?
Euskara batuko erabileran, biak dira zilegi: Sar naiteke? eta Sartu naiteke? [://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_euskaltzaindiarenarauak&view=frontpage&Itemid=424&lang=eu&arauaId=28" class="jagonet-araua">28. araua]. Baina euskara estandarraren egungo erabileran zabalduena, zalantzarik gabe, -tu gabekoa da: sar naiteke.
Al partikulari dagokionez, egia da ahalerazko aditzetan -tu forma erabiltzen den hizkeretan erabiltzen dela al, eta hori horrela izanik, egokiago ezkontzen dira -tu eta al. Beraz, alde horretatik, egokiagoa da Sartu al naiteke? galdetzea Sar al naiteke? galdetzea baino (nahiz ezin okertzat eman daitekeen azken hori).
Horrez gainera, ikus hauek ere:"Aditzaren jokabidea: aditzoina eta subjuntiboa (har ezazu / hartu ezazu)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: aditzoina/partizipioa eta subjuntiboa/ahalera/agintera (ibil naiteke / ibili naiteke)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: aditzoina/partizipioa (buru/burutu ezazu, areago/areagotu ezazu)" (JAGONET), "Lexikoa: aditzoina (lagun/lagundu, ekar, neur, zorrotz/zorroztu)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak > aditzoina, hitzak-aditzak > partizipioa
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.