Subjuntiboan, ahaleran eta aginteran forma partizipiodunak euskara batukoak al dira?
Hori dela eta, Euskaltzaindiak orain arteko araua aldatu egin al du, aditzoinaz gain partizipioa ere zilegitzat joz?
Gai horri buruz Euskaltzaindiak ez du orain arte araurik eman; beraz, ibil naiteke nahiz ibili naiteke, biak erabil daitezke. Dena dela, berariazko araurik ez badago ere, Euskal Gramatika Laburra liburuak Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna, 379. or. dio Euskaltzaindiaren gomendioa aditzoina erabiltzea dela.
Euskaltzaindiak erabaki duen gauza bakarra da aditzoina (ibil) erabili nahi baldin badugu, zein forma izan behar duen horrek; eta ez besterik. Ikus Euskaltzaindiaren 28. araua, Aditzoinen forma izenburua duena.
Ikus, nolanahi ere, hauek ere: "Aditzaren jokabidea: aditzoina eta subjuntiboa (har ezazu / hartu ezazu)" (JAGONET), "Lexikoa: aditzoina (lagun/lagundu, ekar, neur, zorrotz/zorroztu)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: al + ahalera (sartu al naiteke? / sar al naiteke?)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: aditzoina/partizipioa (buru/burutu ezazu, areago/areagotu ezazu)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: aditzoina (ohart, ezagut, laket)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: aditzoina (lot, ohart, ezagut)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak > aditzoina, hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak-aditzak > partizipioa
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.