Ikasi behar zenuenean estudiatu izan bazenu, gaur egun hobeto… biziko zinen ala biziko zinateke?
Kasu horretan zinen ere onartzen da ala zinateke erabili behar dugu derrigorrez?
Lehen galderako aukera egoki bakarra da gaur egun hobeto biziki zinateke.
Iraganean emaniko baldintza baten ondorio-perpauseko aditza denez, kontuan izan behar da batzuetan bi aukerak direla posible, ondorio-perpauseko ekintza zein alditan kokatzen dugun: iraganaldian (orduan, aditza iraganaldikoa izaten da), edo hipotetikoan (orduan, aditz-aldi hipotetikoa izaten da). Bigarren kasu horretan, askotan, gaur, orain eta gisako adberbioak sartzen dira ondorio-perpausean.
Ikasi behar zenuenean estudiatu (izan) bazenu, hobeto biziko zinen/zinatekeen (orduan).
Ikasi behar zenuenean estudiatu (izan) bazenu, gaur hobeto biziko zinateke.
Urtean zehar gehiago ikasi (izan) bazenu, dena gaindituko zenuen/zenukeen (orduan).
Urtean zehar gehiago ikasi (izan) bazenu, (datozen) oporretan ez zenuke hemen geratu beharko.
Horrez gain, ikus hauek ere: "Baldintza adieraztea: komunztadura iraganean (tokatu izan balitzait, erosiko nukeen/nuen)" (JAGONET), "Baldintza adieraztea: komunztadura (dituzun aukerak izan bagenitu, ondo biziko ginateke orain)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, perpausa > baldintza
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.