Hitz berri bat sortzeko proposamena dakarkizuet. Gaztelaniazko echar en falta eta frantsesezko trouver (quelqu’un) de manque esateko (ingelesezko to miss, alegia), euskaraz norbaiten falta sumatu edo norbait faltan hartu omen dira egokiak. Nik proposatu nahi dizuedan hitza hauxe da: gabetsi edota gabestu. Adibidez, Ander gabetsi egiten dugu, Ander gabesten dugu. Zer deritzozue?
Euskaltzaindiaren Hiztegian, bada [EH:mira egin] azpisarrera. Beraz, gaztelaniazko ‘echar de menos / echar en falta’ edo frantsesezko trouver (quelqu’un) de manque adierazteko, mira egin, falta nabaritu [EH:falta nabaritu] (eta horren kide den falta sumatu) ditugu euskaraz.
Proposatzen den gabetsik, berriz, ez du inolako tradiziorik; galderan diozun bezala, sortu egin beharko genuke. Ba ote dugu hitz berri bat sortu beharrik, lehendik euskal ordain tradiziodunak izanik? Bestalde, osaerari dagokionez, bitxi samarra litzateke gabetsi; izan ere, lehen osagaia postposizioa izango luke.
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: lexikoa > aditzak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak
Unitate-mota: hitzak-aditzak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.