Nola idatzi behar dira orduak hiru eta lau zenbakien deklinabidea dela eta: 03:00etan eta 04:00etan ala 03:00retan eta 04:00retan? (betiere, ‘goizeko hiruretan...’ idaztekoak ez diren kasuez ari naiz). Eta 13:00ean ala 13:00etan?
Jakin nahi nuke, gainera, zelan irakurri behar diren hauek: 15:01ean, 15:02an, 15:01era, 15:01 arte, 15:02ra, 15:01etik, 15:02tik.
Euskaltzaindiaren 35. arauak hauxe dio 5. puntuan:
"5. Zifretan ematen direnean, bi puntuekin bereizten dira orduak eta minutuak, eta bakoitzeko bi zifra erabili behar dira beti: 00:12, 12:10, 09:25, etab. Deklinatzen direnean, orduei plurala erantsi, eta minutuei singular-marka, dagozkien lotura-bokalekin: 15:00etan, 15:03an, 15:04an, 15:30ean, etab. Irakurtzeko orduan hobe da, hala ere, honela irakurtzea: hiruretan, hirurak eta hiruan, etab. Erabilera formaletan ontzat ematen dira, dena den, hamabostak eta bostean, hamabostak eta hamabostean, etab.".
Horren arabera:
13:00etan / hamahiruetan ZUZENAK DIRA
13:00ean / hamahiruan EZ DIRA ZUZENAK
Bestalde, honela irakurri behar dira erabilera formalean:
15:01ean: hamabostak eta batean
15:02an: hamabostak eta bian
15:01etik: hamabostak eta batetik
15:02ra: hamabostak eta bira
Ikus, horrez gainera zer dioen Euskaltzaindiaren 35. arauak 6. puntuan:
"6. Egitarau, kartel eta horrelakoetan ez da eragozpenik erdiko bidea hartzeko: arratsaldeko 5etan, goizeko 11,30etan, iluntzeko 8etatik 11k arte, arratsaldeko 3etatik gaueko 12ak arte, etab.".
Seigarren puntuko adibideetan aipatzen den 3etatik horren ildo beretik, hortaz, 03:00etan eta 04:00etan da idazkera zuzena. Izan ere, kontuan hartu behar da hiruretan eta lauretan hitzetako r letra (bigarren r-a hiruretanen kasuan) zenbakiaren izenari dagokiola (behinolako hirur eta laur izenari), ez atzizkiari.
Horrez gainera, ikus hau ere: "Orduak adieraztea: orduak irakurtzea (00:30, 01:00, 01:01 eta 01:02)" (JAGONET)
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > orduak
Unitate-mota: zenbakiak > orduak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.