(...)
Toponimo honen lehen osagaia, esan moduan, Bartabustu eta Bartaquilar-en aurkitzen dugun bera dateke.
Bigarren osagaia -aka, -eka, eta -ika-z amaitzen diren izenekin lot daiteke, hauen jatorria inola ere garbi ez dagoen arren, Mitxelenak dioenez:
"Pentsa daiteke Apodaka ez dagoela bakarrik gure leku izenen artean. Ezagunak dira, izan ere, bukaeran -aka (Mundaka eta), -eka (Erkoreka, horrela ageri da, kk eta guzti, XIgn. mendean), eta -ika (Gernika, etc.) bukaeran dituzten izen sailak. Atzizkia, atzizki baldin bada, -ka litzateke, -a, -e, -i aurreko «erroari» datxezkiola. «Erroak», egia esan, eta ene usteak balio baldin badu, ez dira euskal etorki garbikoak, ez hurrik eman ere. Nondikakoak diren, ordea, ez nuke nik esango" [Mitxelena, Euskal idazlan guztiak VII. Hizkuntzalaritzaz II, Euskal editoreen elkartea, Zarautz, 1988, 112. or.]
Alfonso Irigoyenen arabera erro horiek ez dira, usu asko, horren ilunak. Euskaltzain bizkaitarraren arabera antroponimo bana proposa daiteke Gabika (Gabi), Gatika (Cato), Albonica, Albóniga, Almóike (Alboni(us)), eta Gernika (Granius?)-en moduko toponimoen oinarritako [LVRLOCM, 15-18. orr.]. Autore honek dioenez -ka edo -ika berrekailua genuke hemen, baina ez du honen nondik norakoaren azalpenik ematen [Guk erabili dugun tesiaren laburpenean bederen.].
Bartasteka [bàrtastéka] altxonbidean hasi eta Larreta, Errekagaitza eta Santitisi-raino hedatzen da, Aragoa ugaldearen hurbileraino. Goiko aldetik Pollungu, Larreta eta Errekagaitza-rekin mugatzen du, ibai aldetik Santitisi-rekin, eta beheko aldetik El Saso eta Melenas-ekin.
Dokumentazioan agertzen diren Alto, Cantón edo Puyo de Bartasteka gaurko Cantera edo Cantón de Bartasteka bera dira. 1335eko Puyo de Vartasteca-k leku-izena oso zaharra dela frogatzen du.
Llano de Bartasteka-k hegoaldeko lautada izan zitekeen, Santitisi-ren ondokoa, eta alde honetatik Bartastekabarrena-ren erdarazko baliakidetzat jo daiteke.
Portillo de Bartasteka Camino de los Molinantes-en dago, Altxubidea-ren aldamenean, eta euskarazko Bartastekaportillua-ren ordain erdalduna dela ageriko kontua da.
Orain urte batzu desagertu zen Prado de Bartasteka Camino de los Molinantes-en inguruan zegoen, Cantón edo Puyo de Bartasteka eta El Saso-ren artean.
(...)
What:
Situation:
Origin:
OV.11