Espainiako Konstituzioak ezartzen duenez, «gaztelania da Espainiako estatuaren hizkuntza ofiziala» (3.1 artikulua), eta «Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan, beraietako estatutuekin bat etorriz» (3.2 artikulua).
Balear Uharteetarako Autonomia Estatutuari buruzko otsailaren 25eko 2/1983 Lege Organikoak 3. artikuluan ezartzen duenez, “«katalana, Balear Uharteetako berezkoa dena, gaztelaniarekin batera, hizkuntza ofiziala izango da».
Illes Balears toponimoak, Espainiako Konstituzioaren eta Balear Uharteetarako Autonomia Estatutuaren arabera, balio ofiziala du lurralde-oinarri gisa balear uhartedia duen autonomia-erkidegoa izendatzen duenean. Aldiz, Illes Balears toponimo bera ez dago ofizialki onartuta autonomia-erkidegoaren lurralde-oinarri bera duen probintzia izendatzeko.
1833ko azaroaren 30eko Errege Dekretuak, Espainiako lurraldea probintzietan banatu zuenak, “«Balear Uharteetako Probintzia» sortu zuen, Mallorca, Menorca, Eivissa, Formentera eta Cabrera uharteek osatua.
1833ko azaroaren 30eko Errege Dekretuak berak ezarritako izendapena gorabehera, «Balear Uharteetako Probintzia» izendapen ofizialak etengabeko gorabeherak izan ditu xix. eta xx. mendeetan zehar «Islas Baleares», «Las Baleares» eta «Baleares» izendapenen artean. Hala, izendapen aldakor horiek probintziako «Aldizkari Ofizial»ean jaso dira: «Balear Uharteetako Aldizkari Ofiziala», (1836), «Balear Uharteetako Probintziako Aldizkari Ofiziala» (1852) eta «Balearretako Probintziako Aldizkari Ofiziala» (1860).
Autonomia-erkidegoaren eta probintziaren izendapen ofizialak bat etor daitezen, tradizio kultural eta historikoarekiko errespetuagatik eta katalanezko Illes Balears toponimoaren erabilera ofiziala ezartzeko, mallorcar, menorcar, eivissar eta formenterarren berezkoa baita, lege hau promulgatu da.
Bestalde, lege horrek zehazten du PM siglen ordez IB jartzea ibilgailuen zirkulazio-baimenetan eta matrikula-plaka ofizialetan; izan ere, lehenengoek Mallorcako Palma hiriburua soilik ordezkatzen dute, eta bigarrenek, aldiz, probintzia osoa ordezkatzen dute, uharte anitzekoa baita.
Artikulu bakarra
Balearretako egungo probintziari Illes Balears deituko zaio ofizialki, haren tradizio kultural eta historikoarekin bat etorriz eta autonomia-erkidegoaren izendapenarekin bat etorriz.
Lehenengo xedapen gehigarria
Testuliburuetan eta material didaktikoan, bai eta ofizialak ez diren beste erabilera batzuetan ere, erabiltzen den hizkuntza gaztelania denean, dagokion toponimoa hizkuntza horretan izendatu ahal izango da.
Bigarren xedapen gehigarria
Gobernuari ahalmena ematen zaio lege hau aplikatzeko behar diren xedapenak emateko; xedapen horien artean egongo da, besteak beste, Balear Uharteetako probintziako ibilgailuen zirkulazio-baimenen siglak eta matrikula-plaka ofizialak aldatzea, IB siglak jasota.
Azken xedapen bakarra
Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.