9. artikulua.— Zerbitzu publikoko betebehar gehigarriak
1. Ekainaren 5eko 17/2006 Legearen ondoriozko zerbitzu publikoko betebeharrak alde batera utzi gabe, RTVE korporazioak honako hauek ere bete beharko ditu:
d) Haurrentzako kanalean, lanegunetan, tokiko hamazazpi orduetatik hogeita bat orduetara, lau eta hamabi urte bitarteko adingabeentzako programen % 30 eskaintzea gutxienez. Asteburuetan eta oporraldietan, betebeharra tokiko bederatzi orduetatik hogei orduetara luzatuko da. Itzalaldi analogikoa gertatu ondoren, programa horiek ordutegi horretan bertan emango dira, pixkanaka, sistema eleaniztunean, gutxienez gaztelaniaz, Estatuko hizkuntza koofizialetan eta ingelesez, betiere aukera teknikoek eta aurrekontuek horretarako aukera ematen badute.
[…]
e) 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen, programen % 90 azpititulatu behar dira, eta pixkanaka % 100era iritsi, betiere aukera teknikoek horretarako aukera ematen badute, eta astean gutxienez interpretazioko hamar ordu eman behar dira zeinu-hizkuntza erabiliz eta beste hamar ordu audiodeskribatuz. Lurraldekako emanaldietan, autonomia-erkidego bakoitzeko hizkuntza-errealitatea hartuko da kontuan.
n) Estaldura geografiko, sozial eta kultural handiena ziurtatzea, eta kultura- eta hizkuntza-aniztasuna sustatzea eskaintza digitalean, batez ere kultura- eta arte-ekoizpenari eskainitako kanal baten bidez. Aukera teknikoen eta aurrekontu-aukeren arabera, autonomia-erkidegoetan ekoitzitako ikus-entzunezko edukiak erosi eta emango ditu korporazioak, eta, hizkuntza koofizialetan direnean, gaztelaniarekin sistema dualean emango da. Era berean, hizkuntza koofiziala duten lurraldeetan, autonomia-erkidego bakoitzeko hizkuntza-errealitatearen arabera, fikzioko, animazioko eta dokumentaletako programa grabatuen bertsio bikoiztuak edo azpititulatuak emango dira hizkuntza horietan. Lurralde-deskonexioak erkidego bakoitzaren berezko hizkuntzan egingo dira, erkidego bakoitzaren hizkuntza-errealitatearen arabera.