[…]
Abuztuaren 30eko 1419/1991 Errege Dekretuaren bidez, Logopedian diplomaduna izateko unibertsitate-titulu ofiziala ezarri zen; ikasketa horien bitartez, dela haurrekin, dela helduekin, entzumenean, fonazioan eta hizkeran izaten diren arazoak prebenitzeko, ebaluatzeko eta osatzeko jarduerak behar bezala gauzatzeko prestakuntza teoriko/praktiko egokia jaso behar da.
Bestalde, titulua beharrezko duen lanbide sanitarioa da logopedia, halaxe ezarrita baitago osasun-arloko lanbideak arautzen dituen azaroaren 21eko 44/2003 Legean; entzumenean, fonazioan eta hizkeran izaten diren arazoak prebenitzeko, ebaluatzeko eta osatzeko jarduerak garatzea, horixe da lanbide horren eginkizun espezifikoa, betiere, horretarako, diziplina horretan berariazkoak diren terapia-teknikak erabilita.
[…]
Xedapen iragankorrak
Laugarrena.— Profesionalak gaitzea.
1. Lege honen 4. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, salbuespen gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoko kide izan daitezke entzumenaren, fonazioaren eta hizkeraren arazoen eremuan lan egiten edo lan egin duten profesionalak, baldin eta, betiere, gutxienez hiru urteko lanbide-esperientzia izanda, honako titulazio hauetako bat badute:
a) Hizkeraren eta entzumenaren nahasmenduetan irakasle espezializatua izateko titulua, hezkuntzaren arloan eskuduna den ministerioak emandakoa.
b) Hizkeraren eta entzumenaren nahasmenduei buruzko espezialitatean eskuratutako diploma, hezkuntzaren arloan eskuduna den ministerioak homologatutakoa.
c) Osasunaren edo hezkuntzaren zientzietako unibertsitate-titulua, lizentzia edo diploma.