[…]
Araudi hori aplikatzean, behin eta berriro eta salbuespenik gabe baliatu da hautapen-sistema bat, oinarri hartu duena plazak Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean ezarritako hizkuntza-eremuen arabera betetzeko behar diren hizkuntza-eskakizunen zehaztapena.
Hautapen-prozesuen kudeaketa-sistema horren arabera, deialdi ezberdin eta berezituak egin ohi dira, epaimahai berariazkoekin eta ezberdinekin, Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza-komunitate bakoitzari zuzenduak, halako moduan non ekuanimitatea bermatzen baita, eskola-erkidegoa mesedetzen baita eta irakasle-kidegoetan parte izan nahi dutenen aukera berdintasuna ahalbidetzen baita bi hizkuntzak ez dakizkitenentzat.
[…]
Artikulu bakarra
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak irakasle ez-unibertsitarioen lan eskaintza publikoak garatze aldera onesten dituen deialdietan aplikatzekoa izanen da otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan ezarritakoa. Errege-dekretu horren bidez onetsi zen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua, eta arautu zen lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera-araubide iragankorra. Hartara, xedatu zen ezen deialdi horietan nahitaez jasoko direla hautapen-prozedura ezberdinak ezagutza-arlo edo irakasle espezialitate ezberdinetarako eta Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza ofizial bakoitzerako.
Hautapen-prozedura bakoitzean gutxienez ere epaimahai bat izendatuko da ezagutza-arlo edo espezialitate eta hizkuntza bereki bakoitzeko, behar bezala akreditatua egonen dena deialdi zehatz bakoitzerako. Epaimahai bat baino gehiago behar izanez gero, hautapen-batzorde bat eratuko da, ebaluazio-irizpideak koordinatu eta adostuko dituena.
2. Espezialitatea zein hizkuntzatan emanen den edo hizkuntza-espezialitateei zein dagokien, hautaproba guztiak hizkuntza horretan eginen dira.
3. Hautapen-prozedura gainditzen duten izangaiek gainditu dituzten hautaprobei dagozkien espezialitate eta hizkuntzetan aukeratu beharko dute lanpostu hutsa, eta ez du eraginik izanen lekualdatze-lehiaketan.