3. artikulua.— Gizarte-zerbitzuen politiken helburuak
Gizarte-zerbitzuen arloan botere publikoen jardunak honako helburu hauek ditu:
l) Autonomia-erkidego honen berezko identitate, hizkuntza eta kulturarekiko integrazioa sustatzea, aurreko apartatuetan xedatutakoari kalterik egin gabe.
7. artikulua.— Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak
Gizarte-zerbitzuen hartzaileek honako eskubide hauek dituzte:
a) Gizarte-zerbitzuen sisteman berdintasun-baldintzetan sartzeko eskubidea, diskriminaziorik egin gabe, honako arrazoi hauengatik: jaioterria, hizkuntza, etnia, sexua, sexu-orientazioa, egoera zibila, familia-egoera, adina, desgaitasuna, erlijioa, ideologia, iritzia edo beste edozein tasun pertsonal edo sozial.
b) Informazio nahikoa eta egiazkoa jasotzeko eskubidea, modu ulergarrian, eskuragarri dauden prestazio eta baliabideei buruz, zerbitzuak eskuratzeko beharrezko betekizunei buruz, bai eta gizarte-babeseko beste baliabide batzuei buruz eta administrazio publikoek eremu horretan dituzten eskumenei buruz ere. Horretarako, beharrezko laguntzak eta euskarriak izan behar dira, hizkuntza ez ezagutzeagatik, desgaitasunen bat izateagatik edo hori justifikatzen duten beste arrazoi batzuengatik zailtasunik izanez gero emango zaien informazioa ulertzeko.
c) Egoeraren balioespena jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, senitartekoen edo zaintzaileen beharrizan sozialen balioespena jasotzeko eskubidea, hizkera argi eta ulergarrian.