Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzko azaroaren 23ko 4/1983 Legeak, aldarrikatzen duenez, “herritar guztiek eskubidea dute komunikabide sozialen bidez informazioa jasotzeko, bai valentzieraz bai gaztelaniaz”, eta ondoren honako hau adierazten du: “era berean, herritarrek, legerian ezarritako baldintzetan, komunikabide sozialetara irispidea dutenean, herritarrok eskubidea izango dute valentziera ahoz eta idatziz erabiltzeko, gaztelaniaren baldintza berberetan”.
25. artikuluan Valentziako Generalitateko Kontseiluari eragiten dio, berak zaindu dezala valentzierak presentzia egokia izan dezan Valentziako Generalitatek kudeatzen dituen edo haren eskumenekoak diren irrati- eta telebista-igorgailuetan eta gainerako komunikabideetan, betiere lege honetan xedatutakoaren arabera. Orobat adierazten du ezen Valentziako Generalitateko Kontseiluak sustatuko duela “irrati eta telebistetan valentzieraren erabilera”, eta “hizkuntzetan egiten diren adierazpen kultural eta artistiko guztiak sustatuko ditu, eta, bereziki, valentzieraz egindakoak”.
Konstituzioak eta Estatutuak arlo honetan emandako aginduak behar bezala zehaztu eta eraginkorrak izan daitezen, beharrezkoa da arauak garatzea Estatuko oinarrizko legeriaren esparruan, eta Valentzieraren Erabilera eta Irakaskuntzari buruzko Legearekin bat etorriz, zeina betetzera baitator RTVEk Valentziako Erkidegoan duen Aholku Batzordea sortu eta arautzeko Legea.