b) XIV. tituluan, “hezkuntza-arloko tasak” izenekoan, aldatu egiten dira goi-mailako arte-irakaskuntzen arloko tasari dagokion artikulua eta araubide bereziko irakaskuntzei dagokien artikulua, eta sortu egiten da artikulu berri bat, zeinak baititu, IV. kapituluaren barruan, JQCVko probei eta irakasleen kidegoetako hautaketa-prozesuei buruzko zehaztapenak. Hezkuntza-tasak itzultzeko prozedura arinagoa eta eraginkorragoa izatea da helburua, betiere aplikatu beharreko araudia eguneratuz, eta IKTen erabilera eta gizarte digitalaren garapena txertatuz. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak hautatzeko deialdietan, JQCVren egiaztapen-probetan eta araubide bereziko irakaskuntzetan (hizkuntzak, musika, dantza, diseinua...) izena emateko, nahitaez bitarteko telematikoak erabiltzen direnez gero, koherentea da planteatzea deialdi horietatik eratorritako bidegabeko diru-sarrerak itzultzeko eskabideak ere administrazio elektronikoa erabiliz izapidetu daitezela.
[…]
e) Turismo-arloko tasei dagokienez, aldatu egiten da turismo-gidariak gaitzetik eratorritako administrazio-zerbitzuengatiko tasaren izendapena; izan ere, Turismo Zuzendaritza Nagusia da organo eskuduna Valentziako Erkidegoko turismo-gidariaren gaikuntza lortzeko probak egiteko, eta Valentziako Erkidegoan lanbidea egikaritzeko jada gaituta dauden turismo-gidarien hizkuntzak zabaltzeko.
[…]
[…]
Valentziako hizkuntza sustatzera bideratutako dohaintzen kenkarian, valentziera sustatzeko erakundeen zentsua sortzea aurreikusten da, betiere Valentziako Gorteetako Ekonomia, Aurrekontu eta Ogasun Batzordearen 2021eko martxoaren 8ko Ebazpenarekin bat etorriz.
[…]
23. artikulua
Aldatu egiten da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta lagatako gainerako tributuen tarte autonomikoa arautzen duen Valentziako Generalitaten abenduaren 23ko 13/1997 Legearen 4.Bat artikuluko r) letra, zeina honelaxe geratuko baita idatzita:
«r) Valentziera sustatzera bideratutako dohaintzengatik: % 20 lehenengo 150 euroetarako, eta % 25 zergaldian zehar honako erakunde hauen alde egindako diru-zenbatekoen dohaintzen gainerako zenbatekorako:
1) Generalitat, organismo publikoak eta Generalitaten sektore publiko instrumentala.
2) Valentziako Erkidegoko toki-erakundeak, haien mendeko organismo publikoak, fundazioak eta partzuergoak.
3) Valentziako Erkidegoan ezarrita dauden unibertsitate publiko eta pribatuak.
4) Valentziako Erkidegoko arte-irakaskuntzen goi-mailako zentroak.
5) Zergaldiaren azken egunean valentziera sustatzeko erakundeen zentsuan inskribatutako erakundeak.
Ondorio horietarako, dohaintza-emailea Generalitat edo Generalitateko erakunde publikoetako bat denean, ekitaldi bakoitzean jasotako zenbatekoa, gutxieneko kreditu gisa, hurrengo ekitaldiko aurrekontuetako gastu-programei lotuta geratuko da, baldin eta gastu-programa horien xedea bada valentziera sustatzea».
51. artikulua
Aldatu egiten da Valentziako Erkidegoko Gizarte-zerbitzu Inklusiboei buruzko otsailaren 18ko 3/2019 Legearen 18. artikuluko 3. apartatuko e) letra, zeina honelaxe geratuko baita idatzita:
18. artikulua. Lehen mailako arretako zerbitzuak.
«1. Oinarrizko lehen mailako arreta zerbitzu hauetan antolatzen da:
[...]
e) Erkidego-ekintzako zerbitzua. Dena delako erkidegoan elkarbizitzaren prebentzioa, esku-hartzea eta sustapena garatuko ditu, erkidegoko esku-hartzeko tresna eraginkorren bidez, zeinak oinarrituko baitira lurraldean dauden erkidego-baliabideen sustapenean, bereziki gizarte-zerbitzuetako zentroetan, betiere helburu erkide batzuk lortzeko, zeinek bide emango baitute baldintza sozialak ikuspegi global eta integratzailetik erraztu eta hobetzeko.
Jarduketak garatu behar dituzte kulturartekotasuna eta gizarte-boluntariotza sustatzeko; sexu-jazarpen eta -ziberjazarpenaren aurrean sentsibilizatzeko; gorroto-delituak prebenitzeko; aniztasuna errespetatze aldera sentsibilizatzeko, aniztasun hori izan daitekeelarik sozial eta kulturala, jaiotzakoa, nazionala, etnikoa, linguistikoa, ideologikoa, iritzikoa, erlijiosoa, familiakoa, sexuala, sexu-orientaziokoa, genero-adierazpen edo -identitatekoa, funtzionala edo gorputzaren zein estetikaren desgaitasuna, edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozial; herritarren arteko lankidetza-moduak indartzeko, eta tratu-berdintasuna sustatzeko, besteak beste. Zerbitzu hori bereziki sustatu behar da kalteberatzat jotako hiri-espazioetan.
[...].»