Orain arteko eginkizunen artean, lau lerro nagusi aipatu zituen Zalbidek. Batetik, ikerketa. Alegia, euskara Batua sortzen laguntzea. Bestetik, hizkuntzaren erabilera indarberritzen saiatzea, beste hainbat bidegilerekin batera. Zalbideren hitzetan: “Garai batean euskarak balio ez zuela esaten zen esparru horietan egin da aurrera”, esate baterako, literaturan, irakaskuntzan edo administrazioan. Kale bizitzan, berriz, “aurrera eta atzera egin da era berean”. Eskualde eta herri euskaldunetan aldiz, euskara nabarmen atzera doala azpimarratu zuen: “Arnas guneak ahultzen ari zaizkigu”.
Gogoeta ere egin du Jagon sailak, euskalgintzaren lehentasun eskema zehaztu du. Eta aplikazio lana ere egin du, bereziki 1920ko hamarkadatik hasi eta 80ko hamarkadara bitartean, besteak beste, bertsolaritzan: “Euskara etxe zulotik nekez atera zitekeen garai hartan milaka euskaldun ekartzen zituen plazara”.
Jagon sailak euskara landua eskuratzen lagundu du, Zalbideren aburuz. Gainera, “Euskara zaindu beharra agenda publikoetan txertatu da eta kanpoko jakintsuen bidez hizkuntza garrantzitsua dela erakutsi da”. Euskal nortasuna babestu eta aldarrikatu ere egin da, eta zentzu horretan, jaioberrien izenetan egin da iraultzarik esanguratsuena. “Hain izan da arrakastatsua, Iker Casillas Iker izatea ere normala iruditzen zaigula”. Euskarazko kale-izenak, merkataritza izendegia edota bide-seinaleetan egin den aurrerabidea ere nabarmendu zituen.
Corpusari dagokionez, “euskara batua badago, baina noraino aplikatzen den ez dakigu, eta zenbatean duten gogozko edo zuzen zenbatetan erabiltzen den ere ez”.
Aurrera begirako perspektiban, “indarrak non ditugun jakin behar dugu, informazio falta dago”, esan zuen Zalbidek, “baina geure ikuspegiak ezin du erdalzentrikoaizan, indarra dugun tokian indarrik ez galtzea da premia. Gutxiago oinarritu euskaltegietan eta gehiago bere buruari euskaraz eusten dion multzoan”.
Hizkuntza gutxituen arteko zubiak
Jon Sarasua Garabideko sortzaile eta pentsalariak kooperazioaren jardun praktikotik begiratu zien hizkuntzei. Abiapuntu gisa, Unescok dioena berretsi zuen. Alegia, joerak aldatzen ez badira, datozen urteotan hizkuntzen bi heren desagertuko direla, gutxienez. Horrenbestez, “titularra hitz bakarrean esan beharko balitz, galbidea genuke”.
Modernitateak ipar ideologiko batzuk garatu dituela azaldu zuen Sarasuak: “Liberté, fraternité, egalité. Zoritxarrez, hirukotean identité ez zegoen ipar utopiko gisa, eta ez dugu nortasuna kudeatzeko gramatika sendorik”.
Garabiden egiten dutenaz eta zehazki hizkuntza lankidetzari buruz, oinarrian zubiak eraikitzea dela esplikatu zuen Sarasuak, eta horrek, “fluxua sortu eta inspirazio kontrabandoa sortzea” dakarrela. Jardunean gainbehera ikusi eta paradoxa identifikatu dute: “Hizkuntza gehienetan azken 25 urteetan estatus legala, konstituzioetan nolabaiteko babesa, diskurtso politikoan hizkuntzaren gaia nabarmenago aipatzea edota kultur arteko hezkuntza elebiduna martxan jartzea lortu da. Eta halere, urte horietan izan dute galbiderik handiena”.
Larritasunaren bigarren argazki gisa, behar besteko oharpenik eza aipatu zuen: “Herri indigenek eskubide kontuetan jartzen dute fokua, hizkuntza biziberritzea ez da lehentasuna”. Ia hizkuntza guztietan, gako nabarmen bat bada, “gurasoen bokazioa, beren praktika eta haurrak mundu garaikidean jartzea baita”. Haren hitzetan, Smartphoneak dituzte denek, eta seme-alabak unibertsitatera joatea nahiko lukete. Txanponaren beste aldea, hizkuntzak ez daudela horretarako prestatuta.
Sarasuaren ustez hiru mezu nagusitzen dira kooperaziorako. Batetik, alarma mezua. Bigarrena, itxaropen mezua. Badirelako biziberritzeko aukerak eta funtzio batzuk berreskuratzeko moduak. Eta hirugarrena, ardura mezua, “hizkuntza, komunitate bakoitzaren ardura delako”. Aro teknologikoan funtzioak berreskuratzea herri bakoitzaren artisautza izango dela esan zuen Sarasuak, baina euskarak bide bat egin du, eta “gehiegi handietsi gabe”, munduan urria den jakintza bat pilatu du: “Izan gaitezke, ez eredu, baina bai kontrastatze iturri”.
Gure barne begiratuan, “herri zatitu eta zoro honetan, konbergentzia ariketa bat” egin beharra eta alde emozionala lantzea aldarrikatu zituen.
Estatusak eta legediak
Bi hitzaldi mardulon ostean, mugez gaindiko hizkuntza urrituen estatusaz aritu zen Alain Viaut Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateko ikerlaria, Xarles Bidegain euskaltzainburuordea aldamenean zuela. Viautek Frantziako estatuko hizkuntza urrituen analisi konparatiboa eginez heldu zion euskarari.
Jarraian, Namur unibertsitateko Jeroen Darquennes hizkuntza-indarberritzeaz aritu zen, Europako testuinguruaren esparruan.
Euskararentzako legeen gaineko mahai-inguruak osatu zuen goizeko jarduna. EHUko irakasle Juanjo Alvarezek, Espainiako konstituzioari eman zaion garapenak hizkuntza ofizialen arteko diferentzia areagotu duela nabarmendu zuen hastapenetik: “Gaur asimetria eta hierarkia dago eta arautu egin behar da. Baina nola ekin arautze horri, bereziki errelatoa hain interesatua denean. Aukeratzeko eskubidea bermatu behar da”.
Patxi Zabaletak Nafarroako egoerari heldu zion gehienbat: “Espainiako konstituzioak ez zuen esaten eremuak nahitaezkoak izan behar zutenik. Soziolinguistikaren eta zuzenbidearen arteko nahasketak ekarri zuen eremuen kontzeptua”. Legearen ondorioak eta edukiak bereizi beharraz ere mintzatu zen: “Ondorioak ez dira denak txarrak. Edukia, berriz, eztabaidagarria da, herritar batzuen eta besteen eskubideetan egiten dituen diferentziengatik”.
Juan Cruz Alli Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak esan zuen euskararen legea betidanik izan dela eztabaidarako aitzakia, baina haren ustez, “errealitatetik abiatu beharra dago, gizarteak asimila dezan”.
Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateko kide Eneritz Zabaleta, azkenik, frantsesaren bakartasunaren ideologiaz mintzatu zen, eta ondorioztatu “ideologia horrek euskarari politika eraginkor eta zeharkakoa” eragozten diola: “Euskarak duen tokia frantsesak toleratzen duen neurrikoa baita, eta salbuespen gisakoa”. Legeetara etorrita, Euskal Elkargoak euskararen edota hezkuntzaren araubideaz arduratzeko duen ezina nabarmendu zuen, “Parisko boterearen esku dagoelako osoki”.
Bazkalostean, Hizkuntza aniztasunaren kudeaketaz aritu ziren Europako hainbat akademiatako kide, Xabier Paya kultur kudeatzailearen gidaritzapean. Hala nola, Elena Chiachetti italiarra, frisieraren ordezkari Cor van der Meer eta Benaset Dazéas, okzitanieraren kongresuko kidea.
Azkenik, Korsikaren eta korsikeraren historiaz, arazoez eta Frantziak ezartzen dituen oztopoez mintzatu zen hango parlamentuko presidentea, Jean-Guy Talamoni. “Badakigu gure hizkuntza kondenatuta dagoela ofizialtasunik gabe”, baieztatu zuen, eta gaineratu, hauteskundeak irabazi arren, hizkuntza hilzorian dagoela. “Gauza bat argi dago”, jarraitu zuen, “seriosak gara, pazientzia handia dugu, baina ez dugu onartuko hizkuntzaren eskaera bazter uztea. Ez baita ondarea soilik, gure herriaren biziraupenerako elementu bat baizik”.
Jardunaldiaren lehen eguna umorez amaitzeko, Hitzaldia euskal literatura zaharrari buruz irakurraldi dramatizatua eskaini zuten Bernardo Atxaga idazleak eta Jose Cruz Gurrutxaga aktoreak."