Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza bisitatu du, gaur, Pedro Sánchez Espainiako gobernuburuak. Espainiako gobernuburu batek ehun urtetan Euskaltzaindira egiten duen lehen bisita izan da.
Hamabiak aldera, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin eta Jesus Loza Gobernuko ordezkariarekin batera heldu da Plaza Barrira eta Andres Urrutia euskaltzainburuak agurtu ditu bertan. Ondoren, talde-argazkia atera dute kazetariek egoitzaren ekitaldi- aretoan, beheko solairuan). Ostean, Pedro Sánchezek Euskaltzaindiaren Ohorezko Liburuan sinatu du, bigarren solairuko Batzar Gelan.
Hona hemen bere hitzak:
"A la Real Academia de Euskera.
A su junta directiva y sus trabajadores.
Por extensión, al pueblo vasco.
Para que gracias al euskera, lengua con historia pero sobre todo con mucho futuro, contribuya a enriquecer la sociedad vasca y a la sociedad española.
Con orgullo y honor.
Un abrazo"
Azkenik, Sánchezek Azkue Biblioteka eta Agiritegia bisitatu ditu; bertan, euskaltzainburuak Akademiaren artxiboko harribitxi batzuk erakutsi dizkio, eta Euskaltzaindiak azken urteotan editatutako hiru faksimile oparitu dizkio.
Hona hemen Euskaltzaindiak Espainiako gobernuburuari egin dizkion opariak:
- Linguae Vasconum Primitiae: 1545-1995/ Bernard Etxepare (Sarasketa, Nafarroa Beherea, 1480 inguru – heriotza leku ezezaguna, 1560 inguru).
- Lehen euskal liburuaren argitalpen faksimilea gehi itzulpena sei hizkuntza hauetara: galegoa, katalana, errumaniera, txinera, kitxua eta arabiera.
- Eusko Legebiltzarrarekin elkarlanean egindako edizioa, egitasmo zabalago baten barruan.
- Argitalpen honekin Euskaltzaindiak keinu bat egin nahi izan die gure artean dauden beste hizkuntza batzuei.
- Guero (1643) / Pedro Agerre Axular (Axular baserria, Urdazubi, 1556- Sara, 1644ko apirilaren 8a).
- Euskaltzaindiak 1988an argitaratu zuen faksimilea.
- Euskal literaturaren liburu nagusietako bat, filologo, historialari eta kritikari guztiek beti nabarmendutakoa euskal literatura klasikoaren gailur gisa.
- Berez, deboziozko liburu bat da, kristau bizitza zintzoa eramateko egokia, oso arrunta XVII. mendean Europa osoan.
- De la antigua lengua, poblaciones, y comarcas de las Españas (1587) / Andrés de Poza (Lendoñobeiti, Urduña, c. 1530- Madril, 1595eko urriaren 18a).
- Euskaltzaindiak 1987an argitaratu zuen faksimilea.
- Euskararen eta Euskal Herriaren apologisten lan nagusietako bat
- Pozak Espainiako erregearen zerbitzura jardun zuen Herbehereetan eta, ondoren, Nautika eta Kosmografiako irakaslea ere izan zen Euskal Herrian.
Hizkuntzen arteko bizikidetzaren alde
Pedro Sánchezek ez du adierazpenik egin; bai, ordea, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Urrutiak eskerrak eman dizkio Pedro Sánchezi, eta gogoratu du Euskaltzaindia bere mendeurrenean bete-betean sartuta dagoela, “eta jakina da ehun urte hauetan euskararen defentsarako eta aurrerakuntzarako jardun duela Akademiak, egoera politiko oso desberdinetan, gainera”.“Horrezaz gain –jarraitu du euskaltzainburuak-, Euskaltzaindiak beti aldeztu ditu aniztasuna eta hizkuntzen arteko bizikidetza”, eta adierazi du etorkizunean ere betiko leloari eutsiko diola: “Euskara aho-mihietan dugula etorkizunari so ari gara euskararen akademian, Euskal Herri osoa aintzat hartuta. Beraz, XX. mendean ere beste horrenbeste egingo dugu: Ekin eta jarrai!”.