Bilbon aurkeztu da, gaur, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren(#EHHA) hamargarren liburukia, eta horrekin batera argitaratu den CDa. Aurrekoak bezala, Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Euskaltzaindiak lan mardul, zabal eta aberats hau.
239 mapaz osaturiko liburuki berrian, ondorengo gaiak jorratu dira: jokoak, kirolak, bertuteak eta bizioak, gorputzeko gabeziak, larruazaleko gaitzak, gaixotasunak, heriotza, ezkontza, gizarte-bizitza, ahaidegoa, erlijioa, sinesteak, lana eta beharginak
Hona hemen landutako gai bakoitzean den galdera-kopurua:67: jokoak (26 galdera)
68: kirolak (23 galdera)
69: bertuteak eta bizioak (15 galdera)
70: gorputzaren gabeziak (9 galdera)
71: azaleko gaixotasunak (16 galdera)
72: gaixotasunak (36 galdera)
73: heriotza (15 galdera)
74: ezkontza (18 galdera)
75: gizarte-bizitza (16 galera)
76: ahaidegoa (24 galdera)
77: erlijioa (16 galdera)
78: sinesteak (12 galdera)
79: lana eta beharginak (13 galdera)
Sareko bertsioa eta soinuak
Mementoz, EHHAren hamar liburuki kaleratu dira, eta guztiak daude kontsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus). Izan ere, hamargarrena gaur bertan jarri da publikoaren eskura..
Horrezaz gain, V. eta VI. liburukiak ikusgai eta entzungai daude webgunean: batetik, liburukien testu osoak PDF formatuan irakur daitezke, osorik; eta, bestetik, lekukoek emandako erantzunak entzun daitezke V. zein VI. liburukiaren audioak ere eskegita daudelako Akademiaren webgunean bertan.
145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak(EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia.
Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (batez beste, 27 ordu herriko).
- 2010ean kaleratu ziren I. eta II. liburukiak. Lehenak, honako gai hauek jorratzen ditu: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza.
- Bigarren liburukian aztertu eta landu ziren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala. Denborarenean, esaterako: astegunak, hilabeteak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakoitzaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denbora-unitateak ere.
- Hirugarren liburukian (2011) tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziren: batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; eta bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.
- Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari bildu eta landu ziren, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak), eta, bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio.
- Bosgarren liburukiak (2013) izenaren morfologia landu zuen. Parterik handiena deklinabideak hartu zuen.
- Seigarrenak, (2015) aditz morfologia jaso zuen; gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertu ziren.
- Zazpigarren liburukiaren (2016) lehen atalean baserriaren, etxearen, lur lantzearen, goldearen eta garraioaren eta inguruko edo etxeko zenbait kontzeptu landu dira. Liburua baserri-etxe bateko sukaldetik abiatzen da eta horren osagarriak, etxe inguruko edo etxeko zenbait elementu edo toki garrantzitsu, sukaldeko tresneria edota ontzi eta tresnak, jorratzen ditu. Laborantzako lanabes asko ere landu dira liburu honetan. Liburukiaren bigarren partean gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi, bereziki sintaxiari dagozkionak, landu dira.
- Zortzigarren liburukian (2017) 250 mapa argitaratzen dira, eta lexikoaren arloa lantzen da, batez ere, esparru desberdinetako hitzak eta esamoldeak jasotzen direla. Alde batetik, baserriko zenbait lanabesen izenak bildu dira liburuki honetan (sega-potoak, eskubareak, segak...); bestalde, arlo desberdinetako prozesu eta langintzei buruzko informazio baliagarria ere ageri da (ardogintza, ogia eta bizkotxoa, lixiba, artilea eta lihoa...), eta nola ez, prozesu hauekin guztiekin loturiko lexikoa ere jasotzen da zortzigarren ale honetan.
- Bederatzigarren liburukian (2018), besteak beste, giza gorputzarekin, janzkerarekin, norberaren apainketarekin, sexualitatearekin eta haurtzaroarekin zerikusia duen lexikoa landu da eta zernahi esparrutako hitzak eta esamoldeak daude jasota.
OHARRA: Liburudendetan eskura daiteke liburuki berria, edo Euskaltzaindiaren helbide elektronikora idatziz (info@euskaltzaindia.eus).