2018ko irailaren 13an Euskara batua eta Ipar Euskal Herria: 1964-2018 izeneko kolokioa antolatu zuen Euskaltzaindiak, Baionako Herriko Etxean; bertan, euskararen batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena gogoratu eta aztertu zen. Era berean, aurrera begira euskara batuak Ipar Euskal Herritik begiratuta dituen erronkak zein diren eztabaidatu zen kolokio horretan. Izan ere, 1960. hamarkadaren hasieran ekarpen esanguratsua egin zitzaion euskararen batasun prozesuari Ipar Euskal Herritik.
Euskaltzaindiak erakusketa ikusgarri batean gogoratu nahi izan du 1964ko bilkuretan gertatutakoa eta Baionako batzar horietan euskara batuari eginiko ekarpen garrantzitsuak. Hori guztia erakutsiko da panelen, testigantzen, irudien eta jatorrizko dokumentuen bidez Hazparneko Mediatekan, maiatzaren 2tik eta ekainaren 6a bitarte (estreinaldia, maiatzaren 2an, 18:00etan). Proiektu zabal hau gauzatzeko, Euskal Elkargoaren, Euskararen Erakunde Publikoaren, Hazparneko Herriko Etxearen eta Crédit Agricole-ren babesa jaso du Euskararen Akademiak.
Euskal Idazkaritzaren jarduna
Euskaltzaindiak sortzetik beretik hartu zuen hizkera literarioa osatzeko xedea. Ortografia finkatu, hiztegia eguneratu, euskaldun guztientzat idatz-arau berak zehaztu eta beste hainbat arlo landu behar ziren euskarak etorkizuna izan zezan. Baina ez zen adostasunik lortzen, batasun hori nola egin, zeren arabera, zer hobetsi, zertan oinarritu. Euskalkien aberastasuna galtzeko beldur ziren.
Euskara batuaren premia areagotu egin zen 60ko hamarkadan. Txillardegik, beste batzuekin batera, bere gain hartu zuen ardura. Lantaldea osatu eta ia urtebetez aritu ziren lanean, Baiona Ttipian, Euskal Idazkaritza elkartearen babesean. Finean, lantalde horren emaitzak osatu zuen euskara batuaren lehen oinarria, eta 1964ko agorrilaren bukaeran aurkeztu zieten Euskal Idazkaritzan bildu ziren Euskal Herri osoko berrogei bat euskaltzaleri. Henri Grenet auzapez-diputatuak eta gainerako hautetsiek ongietorria egin zieten herriko etxean.
Nagusiki zortzi lagun aritu ziren lantaldean: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Jean-Louis Davant, Eneko Irigarai, Jesus Solaun, Telesforo Monzón, Roger Idiart, Pierre Andiazabal eta Jean Hiriart-Urruty. Lantaldearen proposamen zehatzak: hitzen deklinabidea, ortografiarako irizpideak, izan eta ukan aditzak, eta h-dun hitzen zerrenda bat.
Baionako Biltzarreko babesle Pierre Lafittek zintzo-zintzo helarazi zituen proposamenak Euskaltzaindira eta, hala, abiapuntu sendoa jarri zitzaien eskura aurrerantzean bidea urratu beharko zutenei. 1968Ko Arantzazuko Biltzarrean Euskaltzaindiak euskara batzeko lehen arau-multzoak finkatu zituen.