Jardunaldia Akademiaren Literatura Ikerketa batzordearen ekimenez antolatu zen eta hauek izan ziren hizlariak: Jon Kortazar, “Eusebio Azkueren poesiaren bidetik”; Josu Bijuesca: “Parnasotik Euzkadia-ra. Eusebio M. Azkueren poesiagintza eta nazio identitatea”; eta Xabier Altzibar: “Zein dira eta zein ez E. M. Azkueren bertsoak?” . Sarrera-hitzak Xabier Arrete Lekeitioko Euskara zinegotziak esan zituen, eta agur-hitzak Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Poesia narratiboa, ideologikoa, deskribapenean oinarriturikoa
Eusebio Maria Azkue jaio zela berrehun urte betetzen diren honetan, haren bizitza eta lana izan zituen hizpide Jon Kortazarrek. Aurkeztu zuen lanaren xede nagusia hau izan zen: bere bizitzari buruz dakiguna errepasatzea, zuzentzea eta osatzea, bere garaiko dokumentazioari helduta.
Karlista sutsua zen, eta Lehen Karlistaldian borrokatu zen. Ondoren, Nautika ikasketak egin zituen Ferrolen eta Matematika ikasi zuen Bilboko Kontsulatuaren Etxearen eskolan. Hainbat urtez itsasoan pilotu ibili ostean, nautika irakasle jardun zuen Bermeon, Mundakan eta Lekeition.
Halaber, poesia idatzi zuen, Mundakan izan zen garaian bereziki. Kortazarren esanetan, hainbat genero landu zuen, eta genero nahasketa hori erromantizismoaren ezaugarria izan daitekeelakoan dago. "Baina nire ustez -zehaztu zuen- Eusebio Azkueren poesia lotu beharko litzateke garaiko poesia burgesarekin, eta neurri batean zaharkituarekin. Estimatzen ditut bere ohituzko poemak, Manterolak haina zuzen deskribaturikoak, eta bere poesia politikoaz hitz asko egiteko modua badela ere niretzako dut. Baina ezin dut kendu gogotik ez dagoela bere bizitzako une krudelen aipamen biografikorik. Poesia narratiboa maite du Eusebio Azkuek, edo ideologikoa, edo deskribapenean oinarriturikoa. Horregatik, ez dago lirika handirik bere lanean, sentimenduak aipatzen badira ere".
Hil ostean, Resurreccion semeak argitaratu zituen haren lanak liburu batean, 1896an: Parnasorako Bidea.
Euskal identitatearen osagaiak
Josu Bijuescak gogora ekarri zuenez, "XIX. mendean euskal naziotasunaren ideiak toki zabala bete zuen politikari, kazetari, idazle edota pentsalarien artean. Euskal Herri penintsularrari dagokionez, esan izan da XIX. mendeko euskal identitatearen osagaiak ondorengoak direla: foruak, fede katolikoa, historia berariazkoa, euskara eta abertzaletasun bikoitza (alegia euskal abertzaletasuna eta espainola)". Bijuescaren esanetan, Eusebio Maria Azkueren poesiagintzak ondo erakusten ditu euskal identitatearen alde horiek guztiak, beraren bertso sailetan arakatuz gero.
Euskal identitatearen eraikuntzak berebiziko garrantzia zuen testuinguru horretan, Eusebio Maria Azkuek erabili zuen lehen aldiz Euzkadia hitza, 1979. urtera arte argitaratu gabe gelditu zen bertso sail batean. “Eztabaidatu izan da Sabino Aranak ezagutu ote zuen Azkuek idatzitako testu hori. Eztabaida horretan sartu beharrean, emankorragoa dirudi bertso sorta horrek euskaldunen nazio identitatearen eraikuntzari egiten dion ekarpenaz hausnartzea”.
"Izan ere -azaldu zuen Bijuescak- “Euzkadia” izeneko bertso sorta horretan, euskal literatura sinbolikoki mendebaldeko literaturaren iturri komunarekin lotzeko proposamena eskaini zuen Azkuek; alegia, Greziako Parnaso mendian bizi omen ziren, eta sormena pizteko gaitasuna omen zuten izakiekin, Apolo eta Musekin. Mitologia klasikoaren istorio eta pertsonaia horien ondoan, E. M. Azkuek beste bat jarri zuen, berak asmatua, harreman sinboliko hori adierazteko asmoz: Euska izeneko musa bizkaitarra edo euskalduna".
Carlistenac bertsoak
Xabier Altzibarrek “Zein dira eta zein ez E. M. Azkueren bertsoak?” izeneko hitzaldia eskaini zuen. Eusebio M. Azkueren bi alderdiri buruz mintzatu zen Xabier Altzibar. Lehen partean Eusebioren biografiari eta obrari dagozkion argitasun batzuk eman zituen Lekeitioko Nautikako Eskolan hark eginiko lanaz (1862-1873), baita bere familiaz zuen arduraz ere.
Altzibarrek nabarmendu zuen Eusebio Maria Azkue katedraduna zela Kosmografia, Pilotutza eta Maniobrak, Geometria eta Trigonometria, Marrazketa Lineala, Geografikoa eta Hidrografikoan. Katedrari esker haren 12 seme-alabak hazi zituela eta ardura handiz jokatu zuela bere familiarekin. Altzibarrek beste argibide batzuk eskaini zituen Lekeitiok 1936an, gerra hasi baino 20 egun lehenago, Azkue aita-semeei eginiko omenaldi handiaz.
Bigarren partean, hizlariak adierazi zuen kontuan hartu behar dela Eusebio Maria Azkueren eskuizkribuak sakabanatu zirela, "eta behintzat galdetu behar dela zein diren haren olerkiak. Adibidez, ea harenak diren Carlistenac bertsoak, Uriartek bilduak eta Eusebio Mariari egotzi zizkionak". Altzibarren ustez, bertso horiek ez dira Eusebio Maria Azkuerenak, "kontuan hartuta enuntziazioa, noizkoa den, eta baita hizkuntza, estilo, topiko literario eta metrika xehetasun batzuengatik. Bertso horiek Bizenta Mogelenak dirateke". Bestalde, hizlariak Bizenta Mogel eta Eusebio Maria bizkaierazko poeta edo bertsogileen tradizioan kokatu zituen, gabon-kanten eragina eta haien joera morala azpimarratuz.
Amaieran, Andres Urrutiak agur-hitzak esan zituen. Gogoan izan zuen Jean Haritschelhar zena, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordearen burua eta euskaltzainburu ohia, eta Eusebio Maria Azkueri buruz ere hitz batzuk esan zituen. Bere esanetan, “aitzindari” izan zen euskara eta euskal kultura zabaltzen.