Erakusketa bera bi giltza nagusiren arabera eratu da: batetik, aipatu ditugun lau hitzaldion nolabaiteko garapen eta osagarria da, eta bestetik kontserbazioaren aldetik oso egoera desberdinetan dauden dokumentuak bildu nahi izan ditu: jatorrizkoak, jatorrizkoak jabearen eskuzko oharrekin, jatorrizko azaleztatuak, jabeak egindako jatorrizkoen bilduma faktikoak, jatorrizko zaharberrituak, edizio faksimileak, edizio kritikoak, edizio komertzial berriak, edizio herrikoiak, edizio digitalak... denetarik apur bat, elkarren ondoan jarrita.
Bisitatuko gaituen kulturzaleak, beraz, bi gauza ikusiko ditu: liburu eta dokumentu bilduma aski zabal bat, lau gai nagusien arabera antolatua, eta hortaz gainera, liburuak eta dokumentuak kontserbatzeko teknika eta metodo desberdinen laginak.
Atxikita doa dokumentu-zerrenda oso eta zehatza, item bakoitzaren aurrean iruzkin labur bat egiten delarik, dokumentu hori erakutsi izana azalduz.
Bereziki aipagarria da Louis-Lucien Bonaparte printzearen euskalki-mapa guztiz ezagunaren bi ale erakutsiko direla batera; bata, horman eskegita egon dena beti, bestea, kiribilduta eta ondo gordeta egon den bitartean, inoiz erakutsi gabe. Benetan harrigarria da ikustea denboraren hariak batean eta bestean izan duen eragin desberdina. Jakingarria guztiz, gure uste apalean.
Informazioa eskuratzeko 94-4158155 telefonora deitu behar da.
Euskaltzaindiaren egitaraua, 2013ko Ondarearen Europako Jardunaldietan (PDF, 133,25 KB)