Aurkezpenean Arabako Kultura Diputatu Iciar Lamarainek, Andres Urrutia euskaltzainburuak, liburuari hitzaurrea egin dion Andres Iñigo euskaltzainak eta, egileen izenean, Patxi Galé euskaltzain urgazleak hartu dute parte. Mikel Gorrotxategi eta Felix Mugurutzarekin batera egin du liburua Patxi Galék. Lanaren hasierako sustatzailea Aiarako Udala izan zen, eta azkenik, Arabako Foru Aldundiari eta Euskaltzaindiari esker ikusiko du argia.
Aiarako toponimia nagusia / Toponimia mayor de Ayala liburua Aiarako Udalak abian jarritako ekimen baten fruitua da. Izan ere, Udalak Euskaltzaindiko Onomastika batzordeari eskatu zion bertako auzo, etxe eta kaleen izenak aztertzeko eta idazteko proposamenak egin zitzan. Behin lana eginda, inolako azalpenik gabeko zerrenda hutsa egiteak gaizki-ulertuak ekar zitzakeela eta, batzordeak pentsatu zuen egokia eta erabilgarria izango zela izenekin batera azalpen batzuk ematea eta aiarar guztiei helaraztea. Horri esker, aldaketak zeuden kasuetan, berauen zergatia ez ezik, udalerriko herri eta auzoen historia ere gehixeago ezagutzeko aukera izango zuten. Hala, bada, batzordeak eskatuta egin dute egileek lan hau.
Liburuak dituen 362 orrialdeetan zehar Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko kide diren Patxi Galé, Mikel Gorrotxategi eta Felix Mugurutza egileek udalerri zabal horretako kontzeju historiko eta auzo nagusien izenak errepasatzen dituzte, leku horien deskribapena ez ezik, izenen jatorriaz, historiaz eta normalizazioaz ere zenbait iruzkin eginda. Azkenik, eskualdeko mendi toponimiari buruzko kapitulu batez osatua dator argitalpena.
Kontzejuak banan-banan
Andres Iñigo hitzaurrearen egileak azaldu duenaren arabera, lanaren estrukturari dagokionez, “egileek modu ordenatuan aurkeztu dituzte materialak, alegia, Aiara izenaren eta lurraldearen deskribapena egin ondotik, Aiarako kontzejuak banan-banan azalduz eta horietako bakoitzari dagozkion auzo eta etxe -multzo edota etxaldeen izenen berri emanez. Toponimo bakoitza osatzen duten elementuak aipatu eta gero, azalpen etimologikoa eskaini dute, edota etimologiarekiko hurbilpen bat hain garden ez diren izenetan. Bide batez, zenbaitetan oinarririk eta funtsik gabe egin izan diren ustezko etimologiak arbuiatzeko aukera aprobetxatu dute”.
Bestalde, toki-izen bakoitzaren deskribapen zehatzean ezaugarri hauek ageri dira: kokapen konkretua, koordenatu geodesikoak, toponimoak adierazten duen tokiaren altitudea eta bertaraino iristeko hartu eta jarraitu beharreko bidea; informazio garrantzitsuak horiek guztiak, helburutzat erabilera praktikoa duen lan honetan.
Patxi Galék aitortu duenez, “lanak ez du ikerketa bezala azken hitza izateko xederik, eremu geografiko horretako toponimia ezagutarazi, arautu eta hedatzeko asmo xumea baizik. Horretarako, aztertutako izen bakoitzerako egileek arautze-proposamena luzatzen dute, ondoko ikerketek, erabilerak eta bertako biztanleen eguneroko jardunak etorkizunean normalizatuko duten ala, kontrara, zuzendu, gaizki hartu edo baztertuko duten, denborak argituko duelarik”.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.