Konparazio-perpausetan, baino hitzak berekin behar du -ago. Ez dira egokiak honelako itzuliak:
*Lagundu baino, kalte egiten du (> Lagundu baino gehiago... [edo Lagundu beharrean/barik/ordez...]).
*Irabaztea baino aritzea da helburua (> Irabaztea baino gehiago/areago aritzea da helburua).
*Hondartza baino, mendia gustatzen zait (> Mendia gehiago gustatzen zait hondartza baino). Era honetako esaldietan, gainera, zenbaitetan, ez dago zertan konparaziorik erabili: Mendia gustatzen zait, ez hondartza.
Era honetako esaldietan, bi adierazpenen egiatasuna jartzen da erlazioan: bata bestea baino egiago dela, nolabait. Beraz, bi osagaiek agertu behar dute: baino eta -ago.
*Telebistak urdailera zuzendu behar du burura baino. (> Telebistak urdailera zuzendu behar du burura baino areago/gehiago).
*Sentimenduei baino emozioei egin behar zaie jaramon. (> Sentimenduei baino gehiago (baino areago) emozioei egin behar zaie jaramon).
Zernahi dela ere, zenbaitetan, konparazio-balioa baino agerikoagoa da aurkaritza-balioa, eta, halakoetan, egokiagoa izan liteke barik (ordez) postposizioa edo baizik juntagailua erabiltzea. Lagundu baino gehiago (*baino), kalte egiten du (> Lagundu ordez kalte egiten du / Lagundu ez, baizik kalte egiten du. *Kareharria baino, granitoa zen > Ez zen kareharria, granitoa baizik (baino). -(e)nez gero perpausak, galdegai baino gehiago (*baino), mintzagai izan ohi dira (Ez dira galdegai izan ohi, mintzagai baizik).
Baino bera bihur daiteke konparatibo, berez behar lukeen adjektibo konparatiboari lekua hartuta. Literatura-prosan ageri dira batez ere honelakoak: Ezpataz zauritu banindute bainoago izutu ninduten gizon haren hitz bortitzek (= baino gehiago/areago).
EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (408-409).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (49).