aldatu, alda/aldatu, aldatzen
1 du ad. Zerbaiten edo norbaiten ordez berria edo desberdina den kideko beste zerbait edo norbait hartu. Izena aldatu du. Ikastetxeko zuzendaria aldatu zuten.
2 da/du ad. Erabili den arropa erantzi eta beste bat jantzi. Egunero aldatzen da. Egun berean soinekoz hogeita zortzi aldiz alda zitezkeelako. Egunero aldatzen du alkandora. Ez du aldatzeko atorrarik, ez etzateko oherik.
3 da/du ad. Animalien azalaz, ileaz edo lumez mintzatuz, zaharra galdu eta berria sortu. Basahate honen lumak aldatzen ari dira. Sugeak larrua aldatu arren, suge segitzen du.
4 du ad. Desberdin bilakarazi. Asmoak aldatu. Gobernu berriak zenbait lege aldatuko ditu. Norabidea aldatu. Esan dudanak ez du ezer aldatuko. Hezkuntzak alda dezake izateko modua. Ezkontzeak ohiturak aldatu dizkio. Zerbaiten itxura aldatu.
5 da ad. Desberdin bilakatu, aldakuntza bat izan. Harrezkero asko aldatu dira gauzak. Azaleko hotsak aldatu dira hor, ez adizkien egitura. Kolorea aldatzen zaienean. Hizkuntza bera aldatuz joan zaigu.
6 du ad. (Atmosferako gertakariez mintzatuz). Haizea aldatu du. Eguraldia aldatzen hasi du.
7 du ad. Landareez mintzatuz, landatu. (Dagokion osagarriak -n atzizkia hartzen du). Baratze atzean hiru zuhaitz gazte aldatu ditut.
8 du ad. Toki batetik beste batera eraman edo ekarri. (Osagarritzat -ra atzizkia hartzen duela). Lantegia Eibartik Gasteiza aldatu zuten. Agiri hura izenpetu zuten apaizak barrutiko herrixka baztertuenetara aldatu zituzten.
9 du ad. Testu zatiez edo esaldiez mintzatuz, testu batetik bestera kopiatu. (Osagarritzat -ra atzizkia hartzen duela). Txostenaren pasarte bat aldatu nahi nuke hona. Ebanjeliotik aldatutako esaldiak.
10 du ad. Aipatzen den hizkuntzara itzuli. (Osagarritzat -ra atzizkia hartzen duela). Euskarara aldatu. Horrelakoak gure hizkuntzara aldatzen direnean ez dira inoren belarrietara iristen.
11 da ad. Bizilekutzat edo lantokitzat beste toki bat hartu. (Osagarritzat -ra atzizkia hartzen duela). Beste bulego batera aldatu ziren. Kaletik baserri batera aldatu dira. Menditik herrira aldatu zen.
12 da ad. Bizitokitzat, lantokitzat edo egonlekutzat beste toki bat hartu. (Osagarritzat -z atzizkia hartzen duela). Laster aldatuko gara etxez. Ostatuz aldatu zen. Artzainak bazkatokiz aldatu ziren. Diru-galerak izango dituzte lantokiz aldatzen badira.
13 da ad. Zerbaiten ordez desberdina den kideko beste zerbait hartu. (Osagarritzat -z atzizkia hartzen duela). Ez bainaiz gehiegi gai honetan iritziz aldatu. Azalez eta gorputzez bakarrik ez zara aldatu, sentimenduz eta arimaz ere bai. Al-Qaedaren esanetara jarri eta izenez aldatu zen.