GRAFIA. Euskal alfabetoaren hogeita laugarren letra da. Letra hau eta euskal alfabetoko beste zenbait letra —c, q, v eta y— ohiko euskal hitzak idazteko ez diren arren, kanpoko izenak eta hitzak idazteko sartu dira euskal alfabetoan. Adibidez: Kuwait, Botswana, New York, Washington, Württemberg, Zimbabwe..., bungalow, cowboy, darwinismo, newton, walkie-talkie, walkiria, walkman, washingtondar, waterpolo... [EH; 17. araua]
AHOSKERA. Jatorri edo iturriaren araberakoa da ahoskera:
a) Ingelesetiko maileguei goranzko diptongo-ahoskera dagokie ([ua, ue, ui, uo]): whiski, walkie-talkie, wifi, wikipedia... [uiski, ualki-talki...]; Winston [uinston], Stephen Wolf [uolf], Walter [ualter] Scott...
b) Alemanetiko maileguetan, [b] balioa du Hegoaldean, eta [v] Iparraldean: walkiria, westfaliar, wagnertar... [balkiria/valkiria, bestfaliar/vestfaliar...]; Wittgenstein [bittgenstein/vittgenstein], Wagner [bagner/vagner], Christa Wolf [bolf/volf], Volkswagen [folksbagen/folksvagen], Walter Benjamin [balter/valter]...
DEKLINABIDEA, HITZ-BUKAERAN. “w letraz amaitutako hitzak u letraz amaitutako hitzak bezala deklinatzen dira” [184. araua]. Euskarazko egitarau (izen arrunta) eta Donapaleu (izen berezia) bezala deklinatzen dira: bungalow, show (edozein bungalowtan/*bungalowetan), gaurko showko/*showeko)...; Glasgown/*Glasgowen; Saint Andrewko/*Saint Andreweko; Wroclawn/*Wroclawen... Bungalowraino lagundu nion. Maslowren piramidea. Zenbat kilometro daude Wrocławtik Glasgowra lerro zuzenean?
ALBERDI, Andres (2014). Ahoskera. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (26-27).
BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria.
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "W grafema", Ehulkuren aholku guztiak.