Euskal alfabetoaren hogeita seigarren letra da. Letra hau eta euskal alfabetoko beste zenbait letra —c, q, v eta w- ohiko euskal hitzak idazteko ez diren arren, kanpoko izenak eta hitzak transkribatzeko sartu dira euskal alfabetoan. Adibidez: Yemen, York, Yosemite, Yucatán, Tanganyka, Kenya..., yanki, yarda, yate, yen, yeti, yoga, brandy, gay, ferry, playboy, sexy... Hala ere, badira egokituriko hitzak eta izenak ere: maiestatiko, maiuskula, proiekzio... (*mayestatiko, *mayuskula, *proyekzio/*projekzio), Himalaia, Paraguai, Troia... (Himalaya, Paraguay, Troya). [EH; 17. araua]
DEKLINABIDEA HITZ-BUKAERAN. «y letraz amaitutako hitzak i letraz amaitutako hitzak bezala deklinatzen dira» [148. araua]; alegia, euskarazko espaloi (izen arrunta) eta Garai (izen berezia) bezala. Diptongoa direnetan sortzen da gehienbat zalantza. Adibideak: Monte-Carloko rallya. Ferryaren matxura. Sidneyko biztanleak. Annecyn bizi zen, baina Jerseyra (*Jerseyera) joan zen bizitzera. Federico Garcia Godoyk (*Godoyek) hiru eleberri idatzi zituen. Bi brandyk kaltea eragin. Argituko ote da inoiz Kennedyren hilketa?
Gay hitza dela eta, instrumental mugagabean, gayez behar du (zenbait lesbianaz eta gayez hitz egin), gaiez, deiez, jaiez... (edozein gaiez, deiez, jaiez...) hitz silababakarrekin egiten den bezala. [29. araua]
BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria.
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "Y grafema", Ehulkuren aholku guztiak.