Delako izenlaguna (oso) ezaguna ez den hitzen bat edo erdarazko hitzak euskarazko testuinguruan aurkezteko erabiltzen den makulua da. Baditu baliokideak: izeneko, deritzan, deritzon, esaten zaion... Adibidez: Short direlako galtza motzak / Short izeneko galtza motzak / Short deritzen galtza motzak. ; ; ;
Delako eta direlako moldeak (eta zelako eta zirelako ere berdin) aldatu egiten dira aditzaren aldiaren eta numeroaren arabera. Denak dira zilegizkoak. Burdinbide bat sartzen da delako fabrikaren barneraino. Fakir zelako batek bere lanean nolako gauzak egiten zituen ikusteko. «Zazpigarren...» zirelako film gehiegi ikusia nintzen. [EH]
Inoiz, pertsona-izen berezi baten eskuinean agertzen denean, esanahi peioratiboa izan dezake: Nola nahi duzu, osabaren ontasunak uztea, haien ondotik badabil Txibiribiri delako hori? [OEH]
Bestelako joskera-molde batekoak dira honako esaldi hauek: ezkondu delako berria, haiek gaizki ibiliko direlako ustea.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (39).