Gero eta gehiago dira azken urteotan euskara bereganatzen ari den era honetako ingelesezko maileguak. Arazo hirukoitza sortzen dute: nola idatzi, nola ahoskatu, nola erantsi deklinabide-atzizkia.
;IDAZKERA
a) Horietako batzuk, Euskaltzaindiaren Hiztegian daudenez, euskal hitzak dira dagoeneko, eta hiru moldetara ageri dira bertan:
- euskal grafiara moldatuak: driblin, budin (puding)...
- euskal grafian eta ingeles-grafian, bietan: esmokin/smoking, kanpin/camping
- ingeles-grafian: holding, parking, ranking, ring, ping-pong, catering... [EH]
b) Badira Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri ez diren berriak ere: bullying, zapping... Ingeles-grafian eman ohi dira horiek.
AHOSKERA. Bukaerako -g mutu dutela ahoskatzen dira (holding [holdin], ranking [rankin], zapping [zapin]. Euskal grafiara moldatutakoek (driblin, esaterako) ematen dute horrela jokatzeko arrastoa.
DEKLINABIDE-ATZIZKIA NOLA LOTU. Ez dute berdin jokatzen a) eta b) sailekoek:
a) sailekoei, etxekotuak daudenez, beste edozein euskal hitzi bezala eransten zaie deklinabide-atzizkia: driblina, esmokinarekin/smokingarekin, parkingean...
b) sailekoekin, oraindik erabat geureganatu gabe daudenez, konbentzio hutsez jokatzen dute estilo-liburuek, testu-motak eta testu-mailak askotarikoak baitira. Askok, hitzaren lehen agerraldian, letra etzanez edo/eta marratxoz bereizten dute hura; gero, letra etzana edo/eta marratxoa ken daitekeela diote: ‘zappinga egin’ / ‘zapping-a egin’ > ‘zappinga egin’.
ALBERDI, Andres (2014). Ahoskera, Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (30-32).