Gaur, martxoaren 23an, asteartean,
"Hiztegi Batua. Irizpideak, prozedurak eta tresnak" izeneko jardunaldia egiten ari da Euskaltzaindia, Bilboko egoitzan. Jardunaldi honen helburua hauxe da: Hiztegi Batuko erabakiak hartzeko, Euskaltzaindiak erabiltzen dituen irizpideak, laneko prozedurak eta tresnak erakustea. Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, Euskaltzaindiak hiztegigintzaren arloan daraman prozedura aldatu egin du, "eta beharrezkoa ikusten dugu prozedura berri horren albiste ematea, prozedura berri hori zabaltzea jendearen artean, eta batez ere, euskalgintzaren aldetik, egunero lanean hizkuntzarekin dabilen jendearen artean, hain zuzen ere".
Horiek horrela, jardunaldiaren barruan, jendaurrean aurkeztu dira gaurtik aurrera Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai egongo diren bi tresna lexikal berriak: Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia.
Andoni Sagarna Euskaltzaindiaren Iker sailburuak azaldu bezala, Hiztegi Batuko forma bakoitza erabakitzeko erabili den dokumentazioaren berri ematen duen datu-base bat da Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta internet bidez edonork kontsultatu ahal izango du.