Alondegi hitzak bere garrantzia dauka, eta izatea eman dioten eraikinen beherakada historikoarekin, horietarik gelditzen diren ale bakanen irautearekin loturik dauka biziraupena berbak ere. Oraingoan, presagatik nonbait, kulturgunea bertoko hizkuntza ofizial bietan jartzea ahaztu zaiei arduradunei. Barkatu, espainolez besterik ez dute jarri, bertokoa ere, bestearekin batera, jakina, aspaldiko 30 urteotan ofiziala den arren. Esan didatenez, Katalunian honelako gauzetan behintzat, arduratsuagoak izaten omen dira.
Agian norbaiti jakitea interesa dakiokeelakoan -nabigatzaileentzako abisu gisa- hau gogoratu nahi nuke, gure ermita askotan, Bizkaian behintzat, santu ezagun bat beneratzen dela. Dirudienez, Kapadozian, gaurko Turkian, jaio omen zen K.ondoko 259. urtean, eta martiri moduan bertan hil, lehoien hortz-erpepean. Horri, espainolez San Mamés eta galego-portugesez San Mamede deitu arren, euskaraz Santi Mami edo Santi Mamine esan zaio beti.
Amaitzeko, deituretan eta Etxebarri, Bidebarrieta eta Plaza Berria moduko toponimoetan bizkaierazko forma tradizional zaharrak (barri) gorde behar badira ere, gogoratu nahi nuke leku-izen sortu berriak, kultura-hizkuntza zibilizatuetan behintzat, eredu batu estandarrean moldatu ohi direla, Errekaldeberri, edo Asuaberri modukoetan bezala. Ez dago zergatik.