Pertsona horiek guztiok interes handia erakutsi zuten Euskaltzaindiak euskararen batasunaren alde egiten duen lana jakiteko, bertoko esperientzia, ahal den neurrian, eta zeinek bere herriko egoera sozio-kultural bereziei egokituz, beren herrietara eramateko asmoz. Idazkariak euskaldunok ere duela 35 bat urte, Israelera-eta egindako bidaietan, gauza bera egin genuela azaldu zien, eta, nolabait, guk aspaldian juduengandik izandako zorra, oraingoan haiekin kitatu nahi genuela. Bisitariek Euskal Herrian izandako harrera ona eskertu eta aurrerantzean ere gure herrien arteko harremanak lantzen segitzeko borondatea agertu zuten. Bukatzean Jon Artzak, Akademiaren argitalpenen banatzaileak, Euskaltzaindiaren argitalpen batzuk eskaini zizkien. Berek ere, liburu interesgarriak utzi zituzten Akademiaren bibliotekarako, Amerikako jatorrizko hizkuntzen gramatika eta egoeraz.