"Erlea" irakurleen saioa lehen aldiz egingo da gaur, Euskaltzaindiaren egoitzan
Gaur, iluntzeko 19:00etan, Bilbo Zaharra Forumek antolatzen dituen "Hitza eta musika" jardunaldien barruan, Erlea aldizkariaren irakurleen saioa egingo da, Euskaltzaindiaren egoitzan. Bernardo Atxagaren zuzendaritzapean, Euskaltzaindiak argitaratzen duen aldizkari honen hirugarren zenbakia azaroan aurkeztu zen, eta aurkezpenean bertan Asteasuko idazle eta euskaltzainak proiektu honen berri eman zuen. Berak esan bezala, irakurleen saioak izeneko iniziatibaren bitartez, irakurleak eta aldizkarian parte hartu dutenak bildu nahi dira, eta guztien arteko harreman zuzenak bideratu.
Gaurkoa izango da lehen saioa, eta Atxagarekin batera Andres Urrutia, Pedro Alberdi eta aldizkarian parte hartu duten hainbat sortzaile izango dira. Datorren urtean saio gehiago egingo dira.
Erlea aldizkariaren azken zenbakiaren atmosfera nagusiak Afrikara garamatza, Aljeria eta Magreb protagonista direlarik. Ipar Euskal Herriari ere ahotsa ematen dio Erleak, eta aldizkarian agertzen diren hainbat idazlek -Piarres Aintziartek, Jean-Louis Davantek, Txomin Peillenek- bi errealitate horiek, Iparralde eta Aljeria, lotzen dituzte. Bestalde, Mohamed Xukri, Joseba Sarrionandia edota Vicente Ameztoy dira protagonista zenbaki honetan, besteren artean.