Martxoaren 10ean, Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia / Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria liburua aurkeztuko du Euskaltzaindiak, Gasteizen, Kordoi Etxean. Liburua Euskaltzaindiak argitaratzen duen Onomasticon Vasconiae bildumaren 29. liburukia da. Ubarrundiako toponimo historikoak eta gaur egun bizirik dirautenak biltzen dituen lan horren egilea Elena Martinez de Madina da. Jose Luis Lizundiaren zuzendaritzapean egin du lan; Roberto González de Viñaspre da egitasmoaren aholkularia.
Liburu hau Gasteizko Toponimia egitasmoaren barruan argitaratzen den hirugarrena da. Lehenengo biak 2009ko apirilean kaleratu zituen Akademiak: Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria) eta Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza). Orduan Jose Luis Lizundia egitasmoaren zuzendariak eta Elena Martinez de Madina liburuen prestatzaileak egin zuten aurkezpena, Arabako Foru Aldundian.
Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria liburuak Gasteizko Ubarrundiako toponimoak era sailkatu eta arautuan biltzen ditu. Hauek dira Gasteizko Ubarrundia osatzen duten sei herriak: Amarita, Erretana, Miñao, Miñaogutxia, Gamarra eta Gamarragutxia.
Liburuaren aurkibidea 57,22 Kb