Euskaltzaindiaren eta BBKren arteko lankidetza-harremana 1958an abiatu zen, Euskarazko Lehen Sarien deialdia egin zen garaian, "ia erakunde publiko bakar bat ere ez zenean ausartzen euskara jendaurrean babesten" ekarri du gogora Mario Fernandezek. Bost hamarkadatan, eta eleberria, poesia, antzerkia eta saioaren arloetan, BBK-Euskaltzaindia sariek euskaraz sortu duten hainbat idazle esanguratsuren idazlanak argitaratu dituzte. Gainera, BBK-ren laguntzaz hizkuntzaren arloan makina bat ikerketa, zenbait hiztegi edo Euskaltzaindiak plazaratutako idazlanen hainbat aurkibide argitaratu dira.
BBK-k eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute
BBK-ko presidenteak, Mario Fernandezek, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak, lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, martxoaren 22an, hizkuntzaren arloan hainbat I+G+b egitasmotara bideratuko den 175.000 euroko ekarpenarekin. Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan sinatu da ituna, eta erakunde biek duela 50 urtetik gora hasi zuten elkarlanaren beste urrats berri bat da.
Elkarlan horren ardatza "euskararen gaineko ikerketa, hizkuntzaren sustapena eta, batik bat, euskararen erabilera bultzatzeko erakunde biek duten jarrera komuna da, euskara eguneroko bizitzarako tresna erabilgarria izatea nahi baitugu" esan du Mario Fernandezek, BBK-ko presidenteak. Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi duenaren arabera, "2011n Euskaltzaindiak euskararen gaineko ikerketan ahalegin handia egingo du, hizkuntzaren arloan eredugarri izan dadin nazio-mailan zein nazioartean".