Zenbaki honen bitartez, Afrikara itzultzen gara. Erlea-ren hirugarren zenbakiak Afrikara hurbildu gintuen -Aljeria eta Magreb izan ziren orduan protagonista- eta orain, laugarrenarekin Afrika beltzera goaz, gai nagusi baten inguruan hausnarketa egiteko: Zein da Afrikako literaturaren hizkuntza? Europako hizkuntzetan idatzitakoa afrikar literatura da? Bakarrik hizkuntza indigenez sortua dagoena da afrikar literatura? Hautua egitekoa ezinbestekoa da?
Asun Garikanoren aurkezpenaren ondoan, hiru ahots ekartzen ditu aldizkariak: Obiajunwa Wali nigeriarra, Ngugi wa Thiong'o kenyarra eta 1995ean Nigeriako Gobernu militarrak urkatu zuen Ken Saro-Wiwa ogoni leinuko ingurumen aldeko ekintzailea. Haiek sinatzen dituzten testuak -orain euskaraz irakur ditzakegunak- ezinbestekoak dira, Atxagaren esanetan. "Gaur egun -adierazi du idazleak- bai Estatu Batuetako unibertsitateetan, bai Afrikako bilera literario guztietan, eta bai edozein lekutan, Afrikako idazleak zer hizkuntzatan idatzi behar duen eztabaidatzen denean, aipatzen diren hiru artikulu nagusiak dira horiek. Kolonizatzaileen hizkuntzetan idazti behar dute Afrikako idazleek? Ba, horretaz hitz egiteko, hiru horiek erreferentzialak dira, eta irakurtzen duenak hango auzia -eta seguruenik gurea ere- zertan den ulertuko du".
Honez gain, Lander Arbelaitz, Juanjo Olasagarre, Urtzi Urrutikoetxea, Lorenzo Rojo eta Koldo Izagirre kazetari eta idazleek artikulu bana idazten dute Afrikaz.
Zaldieroaren komikia, "Urrezko liburutegia" eta "Foroa - azkenaldiko liburuak" ohiko atalak ere ekartzen dizkigu Erlea-k.
Bestelako gaiak badira aldizkarian: Xabier Lete, Jose Arratibel eta Jose Ordorika gogoan, Jean Haritschelharri elkarrizketa, Josu Iztuetaren objektuak, Miren Agur Meabe, Anari, Igor Estankona eta Jon Casenaveren poema banaren "atzeko aldeak", Joxemari Iturralde, Piarres Antziart, Aingeru Epaltza, Jabier Muguruza, Bernardo Atxaga, Andres Urrutia, Felix Ibargutxi edota Pello Esnalen artikulu eta ipuinak, besteak beste. Aurreko zenbakietan agertutako izen batzuekin batera, beraz, izen berriak aurkitzen dute beren ahotsa Erlea aldizkariaren 4. zenbakia.
Erlea - 4 eskuratzeko sakatu hemen.
Erlea aldizkariaren aurreko zenbakiak eskuratzeko sakatu hemen.