Euskaltzaindiarekin elkarlanean aritzeak duen garrantzia azpimarratu du Aizpea Goenagak: "Euskaltzaindia euskararen alorrean zutabe bat da, aliatu naturala eta ezinbestekoa Etxepare Institutuarentzat". Andres Urrutia euskaltzainburuak, berriz, bi erakundeen arteko lankidetzak euskararen arloan duen "esanahi berezia" nabarmendu du.
Bestalde, akordioak ikerketa eta argitalpen mailan izango duen garrantzia azpimarratu dute Mari Jose Olaziregik eta Jose Luis Lizundiak. Zentzu honetan, Jose Luis Lizundiak esan du hitzarmen honek "ikerketa eta argitalpenen aldetik elkarlana ahalbidetzen duela" eta orain arte ez bezala, material asko, nazioarteko ponentziak, besteak beste, argitaratzeko aukera egongo dela. Mari Jose Olaziregiren esanetan, Etxepare Institutuak duen nazioarteko jardueraren ondorioz aurkitzen den ondarea sailkatu eta gordeko du Euskaltzaindiak.
Hauek dira hitzarmen horren beste zenbait puntu:
- Erakunde biek erraztasunak emango dizkiote elkarri beren ikerketa-ondareak erabiltzeko, eta, bereziki, euren artxibategi eta bibliotekak erabiltzeko aukera.
- Argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira.
- Erakunde biek elkarren esku jarriko dituzte ikerketarako interesgarriak izan daitezkeen lan argitaragabeak, hala nola tesiak edo bestelako lanak.
- Lankidetza politika bultzatuko dute ikastaroak eginez, besteak beste, Etxepare Euskal Institutuaren irakurlego-sarearen hizkuntza-prestakuntza areagotzera eta eguneratzera bideratutako ikastaroak.
- Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua, Arauak, Izendegiak eta Onomastikaren alorrean hartutako erabakiak zein egiten diren gomendioak indexatzeko edota Etxepare Euskal Institutuaren jardueren hartzaileen eskurago egon daitezen bideak ezarriko dira.
Helburu hauek lortzeko, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute, lau kide izango dituena, bi Institutuak izendatuak eta beste biak Akademiak izendatuak.