Juan Mari Lekuona zenaren liburutegia Oiartzungo herriarentzat
Juan Mari Lekuona zenaren liburutegia Oiartzungo Udal jabetzakoa da, Udalak, Kultura sailaren bidez Lekuonaren sendiarekin egin duen hitzarmenari esker. Maiatzaren 6an sinatu zuten Aitor Etxeberria alkateak eta Oihana Lekuonak -Juan Marik izendatu zuen ordezkariak- bere liburutegi pertsonalaren dohaintza-agiria.
500 liburu inguruk osatzen dute Juan Mari Lekuonaren biblioteka, gehienak euskal gaiei buruzkoak, eta Manuel Lekuona Bibliotekan gordeko dira, Oiartzungo euskaltzainak nahi zuen bezala. Orain, Udal Bibliotekan katalogazio lanak egingo dituzte eta ondare guztia oiartzuar eta euskaltzaleen eskura jarriko da. Gauza bera egin zuen Udalak Manuel Lekuona zenaren liburutegi pertsonalarekin, horrek ere Oiartzungo herriari dohaintza egin zion eta.