Anjel Lertxundik "Etxeko hautsa" liburua aurkeztu du
Maiatzaren 20an, Anjel Lertxundi idazle eta euskaltzain urgazleak Etxeko hautsa liburu berria aurkeztu zuen, Donostian. Alberdania argitaletxearen eskutik plazaratu du. Euskarazko bertsioarekin batera gaztelaniazkoa kaleratu da, Los trapos sucios, Jorge Gimenezek egindako itzulpenean
Argitaletxeak honela aurkeztu du liburua: "Franco hil aurreko azken urteetako giroarekin hasten da liburua eta orduan narratzaileak bizi izandako gertaera batekin: ETAko bi kide eraman behar izan zituen, arratsalde sargori batean, bere autoan herri batetik bestera. Hogei urte geroago ari da narratzailea orduko giroa eta giroari buruzko hausnarketa idatzia idazten zerga iraultzailea eskatu dioten aitari, buruko gaixotasun baten eraginez ahanzturaren eremuan bizitzen hasita dagoen aitari. Era horretan, aita-semeen arteko harremanaren aztertzea ere bada liburua. Nolabaiteko aitortze mingarri bat".