Euskaltzaindiko idazkariak, Xabier Kintanak, ongi etorria eman eta Akademiaren egoitza erakutsi zien, beren galderak erantzunez. Oso interesaturik egon ziren Mikel Gorrotxategik, Onomastika Batzordeko idazkariak, pertsona izenak eta deiturak ofizialki erabiltzeko emandako pausoak entzuten, bai eta bertoko toponimia jatorra berreskuratzeko egindako gestioekin ere. Pruden Gartzia liburuzainak gure bibliotekaren funtzionamendua ere argitu zien. Era berean xeheki jakin nahi izan zituzten Euskaltzaindiaren antolakuntza eta kargu-hartze, hautatze eta ohorezko izendapenen gorabeherak ere. Era guztietako galdera interesgarriak egin zituzten, eta maiz beren oraingo egoera salatu ere bai.
Euskararen batasuna lortzeko bidea eta emandako pausoak ere hurbiletik jakin nahi izan zituzten, haiek ere esperientzia horretaz baliatzeko, guztiek, nola edo hala, beren hizkuntzetan antzeko arazoak dituzte eta. Argitzeko, euskaldunok ere lehenago, beren antzera, galdezka eta informazio bila ibili ginela esan genien, Finlandia, Israel eta Georgiako kasuak eta aztertzeko. Amaitzean, Jon Artzak, argitalpen banaketaren arduradunak, Euskaltzaindiaren liburu eta agerkari batzuk eman zizkien oparitan. Berek ere, esker onez, beren hizkuntzen gramatika batzuk utzi zizkioten Euskaltzaindiari.