"Euskararen Herri Hizkeren Atlasa"ren III. liburukia ostiralean aurkeztuko da
Datorren ostiralean, maiatzaren 27an, Donostian, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren III. liburukia aurkeztuko du Euskaltzaindiak. Aurreko biak bezala, Euskadiko Kutxaren babesaz argitaratu du Akademiak. Liburuki horretan 271 kontzeptu bildu eta landu dira, guztiak lexikoari buruzkoak, eta bi multzotan jaso dira: batetik, lurretik erne eta hazten diren landare eta fruituen ingurukoei buruzkoa, eta bestetik etxe-abereei buruzkoa.
Hizkuntzaren ahozko aldaera desberdinak mapetan agerian emateko egiten dira hizkuntza atlasak. Hortaz, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu, bai eta kultur ondarea berreskuratzea eta zabaltzea ere. Euskaltzaindiak 1983an onartu zuen egitasmo hau.
Galdeketa puntuen sarea, galdesorta eta lan metodologia finkatu ondoren, 1987an hasi zen Euskaltzaindia inkestak egiten. 145 herri hautatu ziren galdeketarako: 36 bana Bizkaian eta Gipuzkoan, 27 Nafarroan, 18 Nafarroa Beherean, 15 Lapurdin, 12 Zuberoan eta 1 Araban. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira.
Atlasaren I. eta II. liburukiak 2010eko apirilean aurkeztu ziren.