Euskaltzaindia eta Bizkaia Irratia elkarlanean
Euskaltzaindia eta Bizkaia Irratia euskal toponimia elkarlanean zabaltzen ari dira. Izan ere, Bizkaia Irratiak astelehenetik ostiralera emititzen duen Goizeko izarretan izeneko irratsaioan, euskal leku-izenak aztertzen eta zabaltzen ari dira, lehiaketa baten bitartez. Saioaren gidariak Alfre Elgezabal eta Udane Goikoetxea kazetariak dira, eta Euskaltzaindiaren izenean, Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordeko idazkariak hartzen du parte. Goizeko 8:40an hasten da egunero.
Euskal toponimoak ezagutaraztea ez ezik, entzuleen parte hartzea ere bultzatzen du irratsaioak. Hala, oso formula erraza erabiltzen dute: leku bati buruzko informazioa ematen du Mikel Gorrotxategik, leku horren izena zein den esan barik. Ondoren, entzuleek deitu eta asmatu behar dute. Irratiko arduradunek azaldu bezala, lehiaketa oso arrakastatsua izaten ari da, gero eta entzule gehiagok deitzen du eta. Hauxe da formatu hau erabiltzen duten bigarren urtea. Iaz pertsonen izenekin egin zuten saioa, eta euskal ponte-izen asko ikusi zuten.
2010eko urtarrilean, Euskaltzaindiak eta Bizkaia Irratiak bigarren lankidetza-hitzarmena sinatu zuten.