Okondoko mapa toponimikoa kaleratu da
Okondoko toponimiaren mapa kaleratu da. Maiatzaren 20an eginiko ekitaldi batean, 2004az geroztik egin den ikerketaren emaitza jasotzen duen mapa topografiko toponimikoa aurkeztu zen, eta herritar guztien eskura jarri. Aurkezpena hauek egin zuten: Itziar Kastrexana Okondoko Kultura zinegotziak, Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkariak -batzordea izenen arautzeaz arduratu da- eta Felix Mugurutza batzordeko kide eta ikerketaren egileak.
2004an hasi zen leku-izenen inguruko ikerketa egiten, eta ordutik hona herritar askok lagundu du. Mugurutzak azpimarratzen duen bezala, "herritarrek bi bider hartu dute parte, oniritziak, ekarpenak, iradokizunak eta abar egiteko. Horrek, gainera, zilegitasun edo sinesgarritasun bat ematen dio lanari". Maparen atzeko aldean, bildu diren izenei buruzko datu historiko batzuk jaso dira.
Ikerketa eta mapa egin ahal izateko Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduaren laguntza ezinbestekoa izan da. Mapa Dunba Argitalpenak S.L. enpresak egin du.