"Euskera" Euskaltzaindiaren agerkariari buruzko erakusketa, Bilboko Liburu Azokan
Gaurtik hilaren 12ra, Liburu Azokak iraun bitartean, "Euskera agerkaria" izeneko erakusketa ikusgai dago Bilbon, Areatza pasealekuan. Erakusketa Euskaltzaindiak antolatzen du, Liburu Azokaren, Bilboko Udalaren eta Bilbao Bizkaia Kutxaren laguntzarekin, eta 92 urte bete dituen Euskera Akademiaren agerkari ofizialaren ibilbidea eta edukiak ditu hizpide. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria da komisarioa.
Azoka eta erakusketa, biak batera zabaldu dira eguerdian. Ana María Matute idazlea -Azokaren aurtengo Kritika Saria jasoteaz gain, berak egin du pregoia-, Iñaki Azkuna alkatea, Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailea eta Xabier Kintana ondoan zituela, Andres Urrutiak aurkeztu du Euskera agerkariari buruzko erakusketa. Berak esan bezala, "bi alde nabarmen izan ditu betidanik Euskera agerkariak. Lehena, Akademiaren inguruan sortzen den araugintza argitaratzea, nolabait esatearren, Akademiaren agerkari ofiziala izatea, eta bigarrena, Akademiak dituen egitasmo, batzorde eta abarrekoen inguruan sortutako edukiak plazaratzea, ikerketa zientifikoaren bidetik".
Erakusketa hobeto ulertu ahal izateko gida-liburu bat argitaratu da, lau hizkuntzatan: euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Azokak duen ordutegi bera izango du: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
Bestalde, hona ekartzen dugu Xabier Kintana komisarioak erakusketari buruz egindako hausnarketa.
Xabier Kintana: "Euskera-k, Euskaltzaindiaren agerkariak: ia 100 urte" 67,30 Kb