"Erle" irakurlearen saio berria egingo da bihar Larrabetzun
Bihar, ekainaren 4an, iluntzeko 20:00etan, "Erle irakurlearen saio" berria, bigarrena, egingo da Larrabetzun (Bizkaia), asteburu honetan izango den Literaturian, herriko Literatura Eskolaren ekimenez sortutako euskal literaturaren inguruko egitasmo zabala. "Erle irakurlearen saioak" izeneko iniziatibaren bitartez, irakurleak eta Erlea aldizkarian parte hartu dutenak bildu nahi dira, eta guztien arteko harreman zuzenak bideratu. Lehen irakurlearen saioa 2010eko abenduan egin zen Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Bernardo Atxaga Erlea aldizkariko zuzendariarekin batera, hauek izango dira bihar Larrabetzun: Anari, Jabier Muguruza, Kepa Altonaga eta Miel A. Elustondo, musika, poemak eta irudiak uztartuz. Bestalde, Abebe Bikila maratoilari etiopiarra Erromako maratoian korrika egiten erakusten duen dokumentala ikusi ahal izango da.