"Euskal Herriko Udalen Izendegia" aurkeztuko da bihar
Izendegia bi ataletan banatu da. Lehenengo atalean, Euskal Herriko udal izendegi osoa ematen da alfabetikoki. Udal izen guztiekin batera, lau informazio ageri dira: euskal izena, izen ofiziala, herritar izena eta kokatua dagoen lurraldearena. Bigarren atalean udal izenak lurraldeka ageri dira. Lehenbiziko kapituluan bezala, bigarren honetan ere informazio zehatza ematen da: udalen euskal izena, izen ofiziala, herritar izena eta eskualdea.
Azkenik, bi eranskin lagungarri sartu dira: bata, liburuan berean txertatua, Euskaltzaindiak azken urteotan onartu dituen onomastikaren inguruko hiru arau, Euskal Herria izenarena horien artean; bestea, mapa bat. Mapa horrek Euskal Herriko udalerri guztien kokapen geografikoa azaltzen du, udal bakoitzari dagokion euskal izenarekin.