Arau izaera duen "Euskal Herriko Udalen Izendegia" plazaratu du Euskaltzaindiak
"Liburu honek zabalkunde handia behar du hainbatengana iristeko, batik bat hizkuntzaren egunerokotasunean ari garenongana: teknikari, itzultzaile, kazetari, testu sortzaileak eta egokitzaileak... hitz batez esanda, euskaldun orori, horiek baitira gure lanaren hartzaileak". Hitz horiek esan ditu Andres Urrutiak, gaur aurkeztu den Euskal Herriko Udalen Izendegiaren garrantzia azpimarratu nahian. Izendegi horrek arau izaera du eta Euskaltzaindiak sortu berri duen "Izenak" bilduma berriaren lehen zenbakia da. Akademiaren Onomastika batzordeak egin du.
Euskaltzainburuarekin batera, Andres Iñigo Akademiaren Onomastika batzordeko burua, Mikel Gorrotxategi idazkaria eta Patxi Galé kide izan dira, argitalpenaren nondik norakoa azaltzeko. Hori bai, argi utzi dute gaur liburuan kaleratu den eduki bera Euskaltzaindiaren webgunean dagoela, Euskal Onomastikaren Datutegian (EODA).
Izendegiaren egitura
229 orrialdeko izendegi hau bi ataletan banatua dago. Lehenbizikoan, Euskal Herriko udal izendegi osoa ematen da alfabetikoki. Udal izen bakoitzarekin batera, lau informazio ageri dira: euskal izena, izen ofiziala, herritar izena eta kokatua dagoen lurraldearena. Informazio hau bi azpiataletan antolatu da. Lehenbizikoan udalen euskal izena hartu da abiapuntutzat, eta bigarrenean egungo izen ofiziala.
Bigarren atalean udal izenak lurraldeka ageri dira. Lehenbizikoan bezala, bigarren honetan ere udalen informazio ematen da: euskal izena, izen ofiziala, herritar izena eta, kasu honetan, eskualdea.
Lurralde bakoitzeko informazioa hiru ataletan antolatu da. Lehenbizikoan udalen euskal izena hartu da abiapuntutzat eta bigarrenean egungo izen ofiziala; bi zerrenda horietako izen anitzetan oin-ohar argigarriak gehitu dira, nola deklinatu behar diren adierazteko. Hirugarren atalean, berriz, udalak eskualdeen arabera banatu dira, baita Nafarroan merindadeka eta Zuberoan kantonamenduka ere.