Ramon Saizarbitoriaren "Hamaika pauso" nobelari buruzko jardunaldiak
Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso eleberria dugu protagonista, Bilbo Zaharra Forumak aurten antolatu dituen jardunaldietan. Jardunaldi horiek ekainaren 2an hasi ziren, eta egun horretan Unai Elorriagak eta Juan Gartziak hitz egin zuten. Handik astebetera, ekainaren 9an, izan zen bigarren hitzaldia, Arantxa Urretabizkaia eta Jon Juaristirekin.
Hirugarren eta azken saioa gaur, ekainaren 15ean, egingo da, Eider Rodriguez eta Ur Apalategi hizlari izango direlarik. Aurrekoak bezala, arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Bihar, ekainaren 16an, jardunaldiei amaiera emateko, Hamaika Pauso eleberriaren irakurketa jarraitua egingo da Arriaga Antzokian, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara. Ramon Saizarbitoriak berak emango dio hasiera irakurraldiari.